Endesa Liga
Araskik garaipena bereganatu du Gernikaren aurkako euskal derbian (75-72)
A. B. E. | EITB Media
Gasteizko taldeak 75-72ko emaitzarekin irabazi dio Gernika-Lumokoari Mendizorrotzan jokatutako Endesa Ligako 19. jardunaldiko partida. Derbi parekatua izan da, eta azken segundoetan erabaki da Araskiren alde.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Kutxabank Araskik irabazi egin dio Lointek Gernikari, 75-72ko emaitzarekin, igande honetan (urtarrilak 28) Mendizorrotzan jokatutako Endesa Ligako 19. jardunaldiko euskal derbia.
Indartsu ekin dio derbiari Araskik, estreinako minutuetan zortzi puntuko abantaila lortuta (10-2). Ondoren, ordea, Gernikak erantzun egin du, markagailuan 11-11koa jarrita. Lehen laurdenaren azken txanpan, Gernika-Lumoko taldeak lau puntuko errenta hartu du (11-15), baina etxekoek puntu bakarrera murriztu dute desabantaila (14-15).
Bigarren laurdenaren hasieran, parekotasuna izan da nagusi (18-18 eta 20-20); hala ere, atsedenaldira iristeko bi minutu eta 38 segundo falta zirenean, abantaila hartu du Kutxabank Araskik (29-24). Lointek Gernika saiatu da aldea txikitzen, baina Arbako taldea aldeko 34-30eko emaitzarekin heldu da atsedenaldira.
Hirugarren laurdenaren hasieran, Gernika-Lumoko taldea izan da jaun eta jabe, eta aurrea hartu du markagailuan (34-40). Ia jarraian, Araskiren erantzuna etorri da (40-43); hala ere, ondorengo minutuetan Gernika gailendu da, eta 12 puntuko errenta bereganatu du. Bazirudien Bizkaiko taldeak garaipena bideratuta utziko zuela, baina ez da hala izan. Araskik ondo amaitu du laurdena, eta norgehiagoka 52-57ko emaitzarekin iritsi da azken laurdenera.
Estu joan da neurketa azken laurdenean. Lehen bost minutuak parekatuak izan dira, eta Gernika heldu da abantailarekin 35. minutura (62-67). Berriz estutu da emaitza gero, eta bi taldeak berdinduta iritsi dira azken hiru minutuetara (69-69). Etxekoen aldeko 71-70eko emaitzarekin heldu da partida azken minutura. Amaierarako 19 segundoren faltan, hiru puntuko errenta eskuratu du Gasteizko taldeak (73-70). Ondoren, Gernika puntu bakarrera gerturatu da (73-72), eta falta azkarra egin du, baina Araskik bi jaurtiketa libreak sartu ditu (75-72). Azken jabetza Lointek Gernikak izan du, baina ez du saskiratzea lortu, eta Kutxabank Araskik bereganatu du garaipena (75-72).