Emakumezkoen Endesa Liga
Lointek Gernikak, Kutxabank Araskik eta IDK Euskotrenek garaipena lortu dute 24. jardunaldian
EITB Media
Bizkaiko taldea 63-56ko emaitzarekin nagusitu zaio Zaragozari, Arabakoak 68-57 menderatu du Celta Zorka Recalvi eta Gipuzkoakoak 45-57 irabazi dio Cadi la Seuri.
Lointek Gernika Bizkaiak aurkari gogorra izan du aurrean, sailkapeneko hirugarrena, baina hobea izan da. Lucas Fernandezen neskak Zaragoza baino okerrago hasi dira lehian. 13-4ko partzial batek, ordea, partidan sartu ditu bigarren laurdenean, eta 63 eta 56 gailendu dira azkenean. Maya Dodson (18 puntu eta 9 errebote) erabakigarria izan da.
Mendizorrotzan, bestalde, aurkari zuzenen arteko lehia izan da, eta etxeko taldearen alde amaitu da. Bi porrot jarraian jaso ondoren, Kutxabank Araskik aurrerapausoa eman du Celta Zorka Recalvi taldeari irabazita. 12 puntuko aldearekin heldu dira atsedenaldira (37-25), eta 11 puntuko aldea lortu dute partidaren amaieran (68-57). 10. garaipen horri esker, gaur Kanaria Handiak egiten duenaren zain, Made Urietaren taldea urrundu egin da jaitsierako postuetatik.
IDK Euskotrenek, bere aldetik, play-offa jokatzeko postuetan jarraituko du beste astebetez, Lleidan Cadi la Seuri 45 eta 57 irabazi ondoren. Azu Muguruzaren taldeak bigarren laurdenean ireki du tartea markagailuan, 12-22ko partzialarekin. Garaipen honi esker, seigarren postuan jarraitzen du, Gernika eta Ensino taldeekin berdinduta.