Fitxatzea
Lointek Gernika Bizkaiak Laura Westerik fitxatu du datorren denboraldirako
AGENTZIAK | EITB MEDIA
IDK Euskotren taldetik dator eta aurreko denboraldian 5,6 puntu, 3,1 errebote eta 1,2 asistentzia lortu ditu batez beste partidako Herbehereetako jokalariak.
Lointek Gernika Bizkaiak Laura Westerik eskolta fitxatu du 2024-2025 denboraldirako. IDK Euskotren taldetik dator eta aurreko denboraldian 5,6 puntu, 3,1 errebote eta 1,2 asistentzia lortu ditu batez beste partidako.
Hala, Lointek Gernika Bizkaiak lau jokalari ditu dagoeneko datorren denboraldirako: Itziar Aritzimuño, Kendra Chery, Marta Alberdi eta Laura Westerik.
Westerik 1,76 metro luze da, eta oso gazte egin zuen debuta bere herrialdeko Lekdeted.nl Basketball taldearekin. Herbehereetako Ligako hainbat taldetan jokatu eta gero Alemaniara joan zen, eta Portugalen eta Italian ere jokatu du.
2022-2023 denboraldian heldu zen emakumezkoen Endesa Ligara, Embutidos Pajariel Bembibre taldearekin, eta ondoren, IDK Euskotren talde gipuzkoarrak fitxatu zuen. Beraz, txapelketa "ondo ezagutzen" duen jokalaria izateaz gain, Eurocup Women lehiaketan esperientzia dauka. Herbehereetako selekzioarekin ere jokatzen du.
Gernika bisitatu duenean Malostek eta marea granateak izan duten eragina onartu du Westerikek. "Talde familiarra da, baina, era berean, gorengo mailan lehiatzen da, onenen aurka. Horrez gain, klubak dituen balioetako asko nireak egiten ditut: egunero lan egiteko mentalitatea, esfortzua edota gogor lan egitea", esan du.
Era berean, Lucas Fernandez taldeko entrenatzaileak eskoltaren lan egiteko gogoa nabarmendu du: "Emakumezkoen Endesa Liga ondo ezagutzen duen jokalaria da, edozertan laguntzeko prest dago beti, partidaren arabera edota taldearen beharrizanen arabera. Kantxako bi aldeetan asko lagun dezakeen jokalaria dela uste dugu".