SASKIBALOIA
Boston Celticsek NBAko 18. eraztuna irabazi du, Mavericks mendean hartuta
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Taldeak 106-88 irabazi zuen, eta hala, historian NBAko titulu gehien dituen frankizia bilakatu da, Los Angeles Lakersekin zuen berdinketa haustea lortu baitu.
Boston Celticsek taldearen NBAko 18. eraztuna eskuratu zuen astelehenean, Dallas Mavericksen kontrako seriean 4-1 nagusitu ostean. Horrenbestez, Los Angeles Lakersekin zuen berdinketa hautsita, munduko liga garrantzitsueneko titulu gehien irabazi dituen taldea da, gaur egun.
Celtics 106-88 izan zen nagusi, Bostoneko TD Gardenen, eta 2008tik zuten garaikur lehorteari amaiera eman zioten. Ordura arte, honako urte hauetan irabazi zuten: 1957, 1959, 1960, 1961, 1962, 1963, 1964, 1965, 1966, 1968, 1969, 1974, 1976, 1981, 1984, 1986 eta 2008.
Mavericksekoentzat, berriz, jokatzen zuten bigarren zen, baina ezin izan zituzten eskuak eraztunean jarri. 2011n lortu zuten lehena eta bakarra.
Irabazleek talde jokoa erakutsi zuten bete-betean, neurketa erabakigarrian: Tatum hiruko-bikoitza egiteko zorian egon zen finaletan egindako partida onenean (31 puntu, 8 errebote eta 11 asistentzia); Brownek 21 puntu saskiratu zituen, 8 errebote eta 6 asistentzia egiteaz gain; Holidayk 15 puntu eta 11 errebote; Whitek 14 puntu eta 8 errebote; Horfordek, ostera, 9 puntu eta 9 errebote.
Seriean Celticsen mailaren azpitik egon da Mavericks. Bere agurrean, 28 puntu, 12 errebote eta 5 asistentzia egin zituen Doncicek; Irving, aldiz, itzali egin zen Bostonen, 15 puntu eta 9 asistentziarekin.