Euroliga
Baskoniak mendean hartu du Partizan (88-82)
EITB MEDIA
Gasteizko taldearen defentsa erabakigarria izan da neurketako minutu garrantzitsuenetan, eta garaipena eman dio Partizanen aurka. Pablo Lasoren mutilek denboraldiko lehen garaipena lortu dute Euroligan, 88-82ko emaitzarekin.
Baskoniak denboraldiko eta Pablo Lasok gidatzen duen proiektuaren lehen garaipena lortu du ostegun honetan, Fernando Buesa Arenan, Partizan Serbiako taldea 88-82 garaituta, 2024-2025 denboraldiko Euroligako Fase Erregularreko lehen jardunaldian, bigarren zatian izan duen hobekuntzari esker.
Etxekoen lehen zatia ez da guztiz ona izan, baina atsedenaldiaren ostean erasoan izandako hobekuntzak (56 puntu eta bost jokalari 10 puntutik gora lortuta) eta, batez ere azken laurdenean, Donta Hallek defentsan izandako intentsitateak garaipena eman dio Partizanen aurka, Tyrique Jones (22 puntu eta 28ko balorazioa) eta Brandon Davies (20) bikain aritu diren arren.
Banakako talentua, sistemarena baino gehiago, eta Luwawu-Cabarroten eskumutur ona (6 puntu) baliatuta, Gasteizko taldea hobeto hasi da (9-3). Hala ere, ez du partidako pultsua hartu, eta 0-10eko kontrako partzial gogorra jaso du (9-13), Vanja Marinkovic eta Daviesen hirukoek gidatuta.
Dena den, Kamar Baldwinen hiruko batek markagailua parekatu du (16-17), eta Gasteizko taldeak bigarren laurden 'elektrikoagoa' jokatu du, Markus Howard eta Carlik Jonesen sarrerei esker.
Howardek 6 minutuan 10 puntu egin ostean, baina, Baskoniak itzalaldia izan du erasoan, hiruko marratik 11 jaurtiketatik 3 gauzatuta eta Chima Moneke normalean baino motelago arituta, eta azken hiru minutuetan ez du saskiratzerik lortu. Partizanek ez du erabat aprobetxatu egoera, baina Daviesen (11) eta Isaac Bongaren energiari esker, atsedenaldira aurretik joan da (32-38).
Pablo Lasoren taldea hobeto sartu da neurketan aldageletatik igaro ostean. Chima Moneke erasoan sartu da eta Baskoniak neurketa berdindu du, baina bisitarien hiruko bi jaurtiketak berdinketa desegin dute berriro. Hala ere, Lasoren jokalariek gogor eutsi diete partidari, eta 59-60koarekin sartu dira azken laurdenean.
Baskoniak lehia berdintzea lortu du lehen minutuetan, baina ezin izan dio buelta eman markagailuari. Bisitariek ondo irakurri dute jokoa, eta abantailak lortu dituzte aurretik jarraitzeko.
Hala ere, partida amaitzeko bost minutu falta zirenean, Trent Forresten hiruko batek abantaila itzuli dio Gasteizko taldeari, eta Buesa Arenako harmaila piztu du. Luwawu-Cabarroten beste hiruko batek eta etxekoen defentsak norgehiagokaren epilogoa erraztu dute, eta Donta Hall berriro agertu da, laugarren tapoia jartzeko. Azkenean, Baskoniak etekin handiagoa atera dio bere freskotasunari, eta 88-82ko emaitzarekin irabazi du lehia.
Fitxa teknikoa:
88 - Baskonia (16+16+27+29): Forrest (10), Luwawu-Cabarrot (15), Sedekerskis (14), Moneke (13) eta Hall (8); Jaramaz (2), Baldwin (7), Rogkavopoulos (-) eta Howard (17).
82 - Partizan (17+21+22+22): Lundberg (10), Brown (4), Marinkovic (11), Tyrique Jones (22) eta Davies (20); Carlik Jones (4), Ntilikina (3) eta Bonga (8).
Epaileak: Robert Lottermoser (Alemania), Piotr Pastusiak (Polonia) eta Joseph Bissang (Frantzia).