Itxi

Eurokopa

IDK Euskotrenek Sepsi SIC menderatu du, 54-62, eta oso sendo jarraitzen du Eurokopan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Fase erregularreko lehenengo bi jardunaldiak jokatuta, Gipuzkoako taldea C multzoko aurreneko postuan dabil, bi garaipen lortuta. Errumanian izandako neurketan, Azu Muguruzaren jokalariek kontrolpean izan dute aurkaria, ia hasieratik.

Delicia Washington, partidako jokaldi batean. Argazkia: EITB Media.

IDK Euskotrenek Sepsi SIC hartu du mendean, 54-62, 2024-25 denboraldiko Eurokopako fase erregularreko bigarren jardunaldian, Errumaniako Sfantu Gheorghe udalerrian dagoen Sepsi Arena pabiloian, ostegun arratsaldean, C multzoaren barnean. Horrenbestez, Azu Muguruzaren taldea, jokatutako bi partidak irabazita, bere multzoko lehen postuan dabil, eta sendo jarraitzen du nazioarteko txapelketan.

Sendo defentsan, eta trebe erasoan, Azu Muguruzaren jokalariak ondo aritu dira lehenengo laurdenean; aurreneko hamar minutuak amaituta, Gipuzkoako taldea 12-21 ari zen gailentzen. Bigarren laurdenean ez da aldaketa handirik izan, eta IDK Euskotren bederatzi puntuko aldea izan du atsedenaldian, 22-31. Louice Halvarsson, bederatzi puntu sartuta, euskal taldeko saskiratzailerik onena izan da lehen zatian, eta Lola Pendande ondo ibili da errebotean, bost hartuta.

Hirugarren laurdenaren bukaeran 39-51koa zen markagailua, eta horrek ondo erakusten zuen zer ari zen gertatzen kantxaren gainean: IDK Euskotren argi ari zen nagusitzen, eta aurkariak ez zuen biderik topatzen Gipuzkoako taldearen garaipena arriskuan jartzeko. Azken laurdenean, Azu Muguruzak zuzendutako jokalariek 16 puntura arteko aldea eskuratu dute, 46-62koan; etxeko taldeak, hori bai, hobeto amaitu du partida, eta, azkenean, zortzi puntuko aldea izan da, 54-62. IDK Euskotrenek merezita bereganatu du garaipena.

Fitxa teknikoa

54 – Sepsi SIC (12+10+17+15): Gereben (7), Popescu (4), Ghita, Taya Robinson (11), Ciera Jonhson (17), Meresz (10)- hasietako boskotea- Nemes, Ghita, Belegante, Catinean (3), Mikes, Armanu (2).

62 - IDK Euskotren (21+10+20+11): Buch (2), Alba Prieto (8), Becky (5), Claessens (5), Halvarsson (11)-hasierako boskotea- Pendande (8), Lara Gonzalez (6), Delicia Washington (9), Mbulito, Becker (8)

Epaileak: Kaludjerovic, Uhrin eta Harutyunyan.

Gertakizunak: Eurokopako C multzoko bigarren jardunaldiko neurketa.

Albisteak (1)