Lorpen historikoa
Lebron eta Bronny Jamesen egun historikoa: NBAn batera jokatu duten lehen aita-semeak dira
EITB Media
LeBron Jamesek eta haren seme Bronny Jamesek batera jokatu zuten Los Angeles Lakers taldearekin ligako lehen jadunaldiko partida. Historikoa izan da, orain arte NBAko partida bat batera jokatu duten aita-seme bakarrak baitira.
LeBron Jamesek eta seme Bronny Jamesek egun historikoa bizi izan dute, NBAko partida bat talde berean jokatu duten lehen aita-semeak izanda. Saskibaloiko munduko liga onenean aurrekaririk gabeko lorpena da Jamestarrena.
Los Angeles Lakers taldearekin jokatu zuten LeBronek (titularra) eta Bronnyk (ordezkoa) 2024-2025 NBAko lehen jardunaldiko partida. Minnesota Timberwolves taldearen aurkako partidaren bigarren laurdenean kantxaratu ziren elkarrekin aita eta semea. Kaliforniarrek garaipena bereganatu zuten, 110-103ko emaitza lortuta.
Lebronek 39 urte ditu (abenduan 40 beteko ditu) eta NBAn hogeita bi denboraldi daramatza (Vince Carterrek bakarrik jokatu ditu hark adina denboraldi); horrez gain, LeBron da NBAren historiako saskiratzailerik onena. Behin baino gehiagotan adierazi izan du semearekin NBAn batera jokatzeko ametsa. Bronnyk 20 urte ditu, eta azken draftaren 55. postuan aukeratu zuen Lakers taldeak.
Urriaren 6an, LeBronek eta Bronnyk batera jokatu zuten Los Angeles Lakersekin denboraldiaurreko lagunarteko bat, baina urriaren 22an lehenengoz jokatu dute batera partida ofizial bat.
LeBronek 16 puntu, 5 errebote, 4 asistentzia eta 2 txapel jarrita amaitu zuen partida; Bronnyk, aldiz, 2 minutu eta 41 segundo besterik ez zituen jokatu, errebote bat hartuta eta 2 jaurtiketa huts eginda.