Itxi

Eurokopa

IDK Euskotrenek argi menderatu du Sepsi SIC Gascan (68-53), eta bost partidatatik bost eskuratu ditu Eurokopan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Azu Muguruzaren jokalariek merezita irabazi dute; izan ere, ez dute estutasunik izan erakusteko aurkariak baino kalitate handiagoa dutela. Hala, txapelketako fase erregularreko bost jardunaldi jokatuta, IDK Euskotrenek ezin hobeto jarraitzen du, eta garaipenak besterik ez du izan.

Delicia Washingtonek partida utzi behar izan du, lesioagatik. Argazkia: EITB Media.

IDK Euskotrenek Sepsi SIC hartu du mendean, 68-53, 2024-25 denboraldiko Eurokopako fase erregularreko bosgarren jardunaldian, C multzoan, Gascan, Donostian, asteazken gauean. Horrenbestez, Azu Muguruzaren taldeak ezin hobeto jarraitzen du txapelketan, orain arte jokatutako bost partidetan bost garaipen eskuratuta; seigarren eta azken jardunaldia gelditzen da, eta hori datorren asteazkenean izango da, Donostian, Proteas Voulas aurkari. Oraingoz, garaipenak besterik ez du izan IDK Euskotrenek Eurokopan. Muguruzaren taldeak ziurtatu egin du multzoko lehenengo postua, eta, ondorioz, hurrengo txandan, play-offeko 1. txandan, etxean jokatuko du itzuliko partida. 

Partidako lehen saskiratzea Sepsi SICek sartu du, baina IDK Euskotrenek hamar puntu jarraian sartuz erantzun du, eta argi gelditu da hasieratik bi taldeen arteko aldea. Lehenengo laurdena 20-13 amaitu da, eta bigarrenean Azu Muguruzaren jokalariek aurrerapausoa eman dute, eta Gascan bildutako zaleei gozatzeko aukera eman diete; errebotean nagusi, eta sendo defentsan, Donostiako taldea hamazazpi puntuz ari zen gailentzen, atsedenaldira joan denean. Nastja Claessensek bederatzi puntu sartu ditu aurreneko hogei minutuetan, IDK Euskotreneko beste inork baino gehiago.

Ciera Johnsonek eta Taya Robinsonek, trebe Sepsi SICen erasoan, erdietsi dute Errumaniako taldeak norgehiagokatik ihes ez egitea, hirugarren laurdenean; hori bukatuta, IDK Euskotren 54-41 ari zen irabazten. Delicia Washingtonek ezin izan du azken laurdenean, lesioagatik, baina IDK Euskotrenek ez du zailtasunik izan egindako lan ona biribiltzeko; emaitza, 68-53koa, esanguratsua da, eta erakusten du Donostiako taldeak merezita eskuratu duela garaipena.

Fitxa teknikoa

68 - IDK Euskotren: Buch (7), Alba Prieto (6), Becky (12), Claessens (15), Halvarsson (2) —hasierako bostekoa— Pendande (14), Lara Gonzalez (6), Delicia Washington (6), Mbulito, Becker (1)

53 - Sepsi SIC: Gereben (10), Popescu (2), Ghita, Taya Robinson (16), Ciera Jonhson (19), Meresz (6) —hasierako bostekoa— Nemes, Ghita, Belegante, Catinean, Mikes, Armanu.

Epaileak: Giacomo Dori, Irene Frosolini eta Pierre Gilis.

Albisteak (4)