Itxi

Eurokopa

IDK Euskotrenek Charnay kanporatu du (73-66), gau magiko batean, eta Eurokopako final zortzirenetan da

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Euskal taldeak historia egin du; izan ere, historian lehen aldiz jokatuko du IDK Euskotrenek Europako txapelketako final zortzirenetan. Gascan egin du, Charnay aurkari, emozio handia izan duen partidan; azken laurdenean zehaztu da zein taldek egingo zuen txapelketan aurrera.

IDK Euskotrenek historia egin du, fnal zortzirenetarako sailkatuta. Argazkia: EITB Media.

IDK Euskotren 2024-25 denboraldiko Eurokopako final zortzirenetako txandarako sailkatu da, asteazken gauean, play-offeko 1. txandan Charnay Bourgogne Sud kanporatuta; kanporaketa horretako itzuliko partidan, Gascan, euskal taldea 73-66 nagusitu da, eta sailkatzea eskuratu du, gau magiko batean. Final zortzirenetan, Azu Muguruzaren taldearen aurkaria Sassari izango da, urtarrilaren 9an eta 16an .

Gascan giro oso polita zegoela, IDK Euskotrenek pazientziaz ekin dio partidari, kontuan izanik Charnayk abiadura duela gustuko. Lehen laurdenean, parekotasun handia izan da, eta, hori amaituta, Frantziako taldea bi puntuz ari zen gailentzen, 13-15, baina, bigarren laurdenean, Azu Muguruzaren jokalariek aurrerapauso handia eman dute, eta partida hautsi egin dute: 18-8ko partziala izan da bigarren hamar minutuetan, tartean 16-0eko partzial ikusgarri bat, 13-19tik 29-19ra. Euskal taldeak, hala, abantaila ederra erdietsi du. Alba Prietok hamaika puntu sartu ditu lehenengo zatian, Donostiako taldeko beste inork baino gehiago, eta giltzarria izan da Gipuzkoako taldearen susperraldian. Atsedenaldian, IDK Euskotren zortzi puntuz ari zen nagusitzen, 31-23.

Bigarren laurdenean ikusitakoa, alegia, bi taldeetako batek partzial ikusgarria lortzea eta emaitza erabat iraultzea, errepikatu egin da hirugarrenean, baina alderantziz, Charnayk lortu baitu hori. IDK Euskotren hamabost puntuz ere izan da goitik, 44-29an eta 46-31n, baina Frantziako taldeak, hiru minututan, 46nako berdinketa jarri du. IDK Euskotren estu zebilen partidako une horretan; azken laurdena gelditzen zela, Azu Muguruzaren taldeak puntu bateko aldea zuen, eta kanporaketa azken hamar minutuetan erabaki behar izan dute bi aurkariek.

IDK Euskotren oso ondo aritu da azken laurdenean, eta merezita eskuratu du garaipena. Donostiako taldeak berriro hartu du aurrea markagailuan, eta, indar handiz jokatuz eta aurkariaren saskian asmatuz, segituan lortu du abantaila ona, hamar puntu ingurukoa. Burua hotz izan du IDK Euskotrenek une erabakigarrietan, eta, azkenean, jokalariek eta zaleek biziki ospatu dute garaipen garrantzitsu hau: Eurokopako final zortzirenetan da euskal taldea.

Fitxa teknikoa

73 - IDK Euskotren: Roso Buch (9), Lara Gonzalez (9), Becky Massey (8), Claessens (3), Halvarsson (8)-hasierako bostekoa– Washington (23), Pendande (2), Alba Prieto (11), Becker, Mbulito.

66 - Charnay: Makany (21), Thomas (14), Garrick (6), Chabrier (2), Taddy (5)-hasierako bostekoa- Gaye, Daramy (13), Dalstra, Strautmane (5), Klavi, Thomas, Desset.

Epailea: Van Hoye, Martins eta Letukas.

Nabarmentzekoa: giro ederra, Gasca pabiloian.
 

Albisteak (1)