Emakumezkoen endesa Liga (J13)
Lointek Gernikak eta IDK-k aurkariak gainditu dituzte, baina Araskik eta Ardoik galdu egin dute berriro
EITB MEDIA
Lointek Gernikak Celta gainditu du (80-69) eta IDK-k Joventut (65-74). Ardoik, aldiz, porrot egin du Zaragozaren aurka (51-84) eta Araskik Valentziaren aurka (67-76).
Lointek Gernika Bizkaiak eta IDK Euskotrenek garaipena lortu dute Emakumezkoen Endesa Ligako 13. jardunaldian, eta Oses Construccion Ardoik eta Kutxabank Araskik porrot egin dute berriro, eta sailkapeneko jaitsiera postuetan kokatu dira horrela.
Larunbatean, Lointek Gernika 80-69 gailendu zitzaion Celtari. Bisitariek hobeto hasi zuten partida, eta aurretik joan ziren atsedenaldira, baina etxekoek egoerari buelta ematen jakin zuten bigarren zatian, batez ere garaipena eman zien azken laurden bikainarekin.
Aitzitik, Araskik ez zuen zorte bera izan, eta 67-76 galdu zuen Valentziaren aurka. Partida hasiera-hasieratik jarri zitzaion kontra, eta hirugarren laurdenean aldea murriztu arren, ez zen nahikoa izan irabazteko; ondorioz, azken postuan jarraitzen du.
Igande honetan, Ardoik porrot handia jaso du Zaragozaren aurka (51-84). Lehen zati txar batek erabakita utzi du partida. Gainerakoan, ez dira aurkaria gainditzeko gai izan, eta, Araskik bezala, jaitsiera postuetan jarraitzen dute.
Bestalde, IDK-k Joventuten aurkako partida irauli du 65-74ko emaitzarekin garaipena lortzeko. Kosta egin zaie aurkaria berdintzea, baina azken laurdenean aurkariak baino 15 puntu gehiago egin dituzte garaipen garrantzitsua lortzeko.