Emekumezkoen Endesa Liga
Lointek Gernikak irabazi du IDK Euskotrenek ia irauli duen derbia (71-65)
EITB Media
Bestalde, Ardoik ez du aukerarik izan Joventuten aurka (52-90) eta Araskik ere ez du zorte hobea izan Movistar Estudiantesen aurka (80-56).
Lointek Gernika vs IDK Euskotren. Argazkia: @GKesb
Lointek Gernika Bizkaiak irabazi du IDK Euskotrenen aurka igande honetan Gernika-Lumon jokatu den euskal derbia, 71-65eko emaitzarekin, Emakumezkoen Endesa Ligako 21. jardunaldian.
Partida bizkaitarren alde hasi da, 9-0eko partzialarekin aurrea hartu baitute. Lehen zatian, nagusitasun horrekin jarraitu dute atsedenaldira ia puntu bikoitzarekin joateko (51-29).
Aldageletatik bueltan, ordea, Gipuzkoako taldeko jokalariak esnatu egin dira eta 0-4ko eta 0-10eko partzialekin aldea nabarmen murriztu dute markagailuan hurbiltzeko. 0-9ko beste partzial batekin, lau puntura jarri dira, baina azken saskiraketak etxekoenak izan dira, eta, horrela, Lointek Gernikak irabazi du derbia (71-65).
Oses Construccion Ardoik, bestalde, ez du aukerarik izan Joventuten aurka (52-90). Lehen laurdenean, Badalonako taldeak Nafarroakoaren markagailua laukoiztu du, Ardoi une oro gutxiago izan den partidan garaipena bideratuta.
Kutxabank Araskik ere ez du zorte hobea izan Movistar Estudiantesen aurka (80-56). Partida nahiko berdinduta hasi da, Gasteizko taldea atzetik zela, baina bigarren eta hirugarren laurdenetan aurkaria gehiago izan da, eta talde bisitaria ez da etxekoaren maila emateko gai izan.