Itxi

Endesa Liga

Lau euskal taldeek porrot egin dute emakumeen Endesa Ligako 23. jardunaldian

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Kutxabank Araskik, Lointek Gernika Bizkaiak, IDK Euskotrenek eta Oses Construcciones Ardoik galdu egin dute asteburu honetako partida, hurrenez hurren, Zaragoza, Jairis, Perfumerias Avenida eta Kanaria Handiaren kontra jokatu dutena.

Lointek Gernika Bizkaia vs Jairis. Argazkia: Lointek Gernika Bizkaia

Euskal taldeentzat ezin okerrago joan da emakumeen Endesa Ligako 23. jardunaldia. Laurek galdu dituzte beren partidak. Horrela, Oses Construcciones Ardoik sailkapeneko azken postuan hondoratuta segitzen du, eta Kutxabank Araskik eta IDK Euskotrenek puntu batera dauzkate jaitsiera postuak. Lointek Gernika Bizkaia, berriz, zortzigarren tokian dago.

Kutxabank Araskik ondo hasi du gaur Zaragozaren aurka etxetik kanpo jokatu duen neurketa, eta 16-20 nagusitu da lehen laurdenean. Alabaina, hurrengo laurdenetan, Zaragozak hobera egin du, eta 85-60 irabazi du partida. Horrela, bada, Gasteizko taldea jaitsiera postuetatik puntu bakarrera dago.  

Larunbatean, Lointek Gernika Bizkaiak ezin izan zuen Murtziako Hozono Global Jairis taldea menderatu Malosten (50-74). Erasoan ez ziren ondo aritu, eta une oro atzetik joan ziren markagailuan. Edonola ere, sailkapenaren erdialdean segitzen dute, 34 punturekin, Estudiantesekin eta Ferrolekin berdinduta.

IDK Euskotrenek ez zuen inolako aukerarik izan Perfumerias Avenidaren aurrean, eta 83-58 galdu zuen Salamancan jokatutako neurketa. Horrenbestez, atzerapausoa eman du, eta jaitsiera postuetatik puntu bakarrera dago.

Oses Construcciones Ardoik, berriz, enegarren porrota jaso zuen ostiralean, Kanaria Handia 56-66 gailendu baitzitzaion Arrosadian. Partida gaizki hasi zuen Iruñeko taldeak, eta azken laurdenera bizirik iritsi zen arren, ez zuen aukerarik izan emaitza iraultzeko.