Endesa Liga
Kutxabank Araskik mailari eusteko aurrerapauso garrantzitsua eman du Lointek Gernika garaituta (59-74)
EITB MEDIA
Gasteizko taldeak 59-74ko emaitzarekin irabazi dio Gernika-Lumokoari Malosten jokatutako Endesa Ligako 27. jardunaldiko partida. Zonako defentsak eta talde guztiaren ekarpenak eman die garaipen handia Made Iruretak zuzentzen duen taldeari.


Kutxabank Araskiko jokalariak garaipena ospatzen Argazkia: EITB Media
Lointek Gernika Bizkaiak eta Kutxabank Araskik indarrak neurtu dituzte igande honetan, 12:00etan, Malosten, Emakumezkoen Endesa Ligako 27. jardunaldian. Gernikako taldea Ligari begira jarri dira berriro, zortzi talde onenen artean sartzeko asmoz. Kutxabank Araskik, berriz, euskal derbia irabazi behar zuen mailari eusteko lehian arnasa hartzeko.
Premia handian egotea zer den ikusi da lehen laurdenean, bataren eta bestearen helburuak ezberdinak izan arren. Made Urietaren taldeak bere ohiko estiloari heldu dio, erritmo handian eta defentsan sendo aritu da, barruko jokoa ondo itxita; izan ere, partidaren lehengo bi hirukoak Araskik egin ditu, eta markagailuan aurretik jarri da (4-8).
Hala ere, Bizkaiko taldea aurretik jarri da lehen laurdena amaitzeko 3 minutu falta zirenean (12-11), baina Araski trantsizioetan talde arriskutsua da, eta emaitzari buelta eman dio (14-17), lehengo laurdena amaitzear zegoela Lucas Fernadezen neskak markagailuan gerturatzea lortu duten arren (16-17).
Bigarren laurdenaren hasieran, Arabako taldeak abantaila izaten jarraitu du, eta alaitasunez jokatu du ordura arteko alderik handiena eskuratzeko (16-24). Gernikako taldeak, baina, bi hiruko jarraian sartu ditu, eta aldea 4 puntura murriztu du (22-26). Pazientzia handiz jokatuta, etxeko taldeak hobera egin du erasoan (26-30).
Zortzi puntuko aldea lortu du Araskik hurrengo minutuetan (26-34), Gernika ondo ibili da erasoan, baina geldikako defentsan arazoak izan ditu. Araskik bigarren laurdenean ez du faltarik egin, eta 26-34ko emaitzarekin amaitu da azkenean bigarren laurdena.
Bigarren zatiaren hasieran, zonako defentsa kendu du Made Urbietak, eta banakakoa ezarri. Erasoan ongi, erritmo handian, 10 puntuko tartea zabaldu du Arabako taldeak hurrengo minutuetan (31-41). Gernikaren erantzuna ez da ona izan, eta Araskiren jokoari ez zaio bizitasunik falta izan (33-43).
Hirugarren laurdenean, Hermidak partida kudeatu du bere taldearen onerako, eta azken partziala 2-13koa izan da (33-47). Amaiera aldean, 10 puntura murriztu du Gernikak aldea (40-50), baina Arabako taldeak ez du etsi, eta 13 puntuko aldearekin amaitu du laurdena (40-53).
Laugarren eta azken laurdenean, Lucas Fernadezen taldea banakako defentsan aritu da, baina Arabako taldea buruz eta indarrez nagusitu da, eta 14 puntuko aldea lortu du (43-57). Hala ere, Lointek Gernikak aldea murriztu du (52-64), eta Made Urietak hutsartea eskatu du. Etxeko taldea 10 puntura gerturatu da (57-67).
Hermidak azken hirukoa egin du partida amaitzeko bi minutu falta zirenean (57-72), eta 59-74 nagusitu da Arabako taldea azkenean. Meritu itzela, zortzi jokalariekin jokatu arren, partida bikaina egin baitu.
Zonakako defentsak eta taldekide guztien ekarpenak garaipen handia eman dio Kutxabank Araskiri. Salbazioa emango dion garaipena izan daiteke gaurkoa.