Aurten 40. postuan bukatu du
Aritz Aranburuk 2011n surfaren elitera itzultzea du helburu
Erredakzioa
Orkatilako lesio baten ondorioz ezin izan du jokatu Hawaiko azken proba, 6 izar Prime kategoria gorenekoa.
Aritz Aranburu (Zarautz, 1985) Estatu espainiarreko lehen surflari eta Europako bosgarrena bihurtu zen 2007an WCTra iristean, eta ondorengo bi denboraldietan, olatuen kirolaren lehen mailan mantendu zen, munduko 45 surflari onenekin norgehiagokan. Aranburu profesionala da 2005 urteaz geroztik, eta 2007an Europako Txapelketa irabazi ondoren, 2008an aintzatespen ugari jaso zuen, Eusko Jaurlaritzak urteko kirolaririk onenari ematen dion Euskadi Saria barne. Han-hemenka lortu dituen garaipenen artean, Kelly Slater munduko txapeldunari hamar aldiz gailendu izana nabarmendu behar da.
2010eko denboraldian, Zarauzko surflariak merezimenduz betetako 40. postua lortu du ASPko (Association of Surfing Professionals) munduko rankingean. 32. postua lortzea zen Aranbururen helburua, posizio horrek WCTko elitetzat jotzen den WQS (World Qualifying Series) kategoriara igarotzeko aukera emango baitzion. Hala eta guztiz ere, aurtengoan ere nabarmentzeko moduko lorpenak izan ditu: 6 izarreko hiru txapelketatako finaletan parte hartu du, horietako bi irabazi ditu (Maresia Surf maiatzean eta Supersurf International urrian, biak Brasilen jokatutakoak), eta hirugarren proban bigarren postua lortu du (Oakley Surf delakoa, hau ere Rio de Janeiron antolatutakoa).
Aritz Aranburuk orkatilako lesio batez amaitu du aurtengo denboraldia. Oraindik sendatzen ari den ezusteko horren ondorioz, ezin izan du parte hartu Hawaiko O’Neill World Cup delakoan, nahiz eta proba horri begira itxaropen handiak zituen. Orain, lesio hori guztiz sendatzea da bere helburu nagusia, denboraldiari sasoi betean ekin ahal izateko. Lehenengo hitzorduak Brasilgo hondartzak izango ditu berriro eszenatokitzat otsailean, eta zirkuitua Australia aldean osatuko da.
2011ko denboraldia begira, nazioarteko lehiaketarako arautegi berriak pizgarri erantsia ekarriko dio euskal surflariari, izan ere, hemendik aurrera, surfean teniseko ATPan indarrean dagoenaren antzeko sailkapen-sistema bat erabiliko baita, hiru hilabetero eguneratzeko aukerarekin. Horrela, ez da urtea amaitu arte itxaron beharrik izango surf profesionaleko bigarren kategoriatik lehenengo kategoriara igaro ahal izateko. Aurrerantzean, rankinga hiruhileko bakoitzeko zortzi emaitza onenek osatuko dute. WQSko partaideak, Aritz barne, denboraldiko edozein unetan lehiatu ahal izango dira World Tour-eko probetan, eta era berean, Top 32ko rider-ek aparteko presio-puntua izango dute, bazterrean gera ez daitezen.