Apirilak 2, asteartea
2024ko Euskal Herriko Itzuliko 2. etaparen profila, ibilbidea eta ordutegia: Irun-Kanbo (160 km)
EITB MEDIA
Lasterketa Ipar Euskal Herrian sartuko da; izan ere, bigarren jardunaldi honetako zatirik handiena Lapurdin eta Zuberoan jokatuko dute. Txirrindulariek mendate puntuagarri bakarra gainditu beharko dute, Saint-Ignace, 3. mailakoa bera, baina ibilbidea gorabeheratsua da, ihesaldirako egokia.
2024ko Euskal Herriko Itzuliaren 2. etapa apirilaren 2an jokatuko dute, asteartez, Irunen hasi eta Kanbon bukatuko da, eta 160 kilometroko ibilbidea izango du. 63. Itzuliaren berritasun nagusietako bat ekarriko du egun honek, alegia, lasterketa Ipar Euskal Herrian sartuko dela; izan ere, etapako zatirik handiena Lapurdin eta Zuberoan jokatuko dute.
Probako antolatzaileek ohartarazita dute: Irun eta Kanbo lotuko dituen ibilbidea "engainagarria" da. Kontua da txirrindulariek mendiko sailkapenerako puntuagarria den igoera bakarra gainditu beharko dutela, 3. mailako Santinazio mendatea, baina egun osoko bidea nabarmen gorabeheratsua da. Hala, nola, gainera, tropelak hainbat tarte estu zeharkatu beharko dituen, egun aproposa izan liteke ihesaldi batean sartzeko moduko indarrak dituzten ziklistentzat.
Santinaziok, hau da, eguneko mendateak, 19,5. kilometroan du pankarta. Arestian esan bezala, 3. mailako igoera da, eta 2,6 kilometroko lana ekarriko die parte-hartzaileei. Batez besteko malda % 5,9 da.
Etapa Irundik irtengo da (aurreko eguneko erlojupekoa bertan da egitekoa), eta jarraian sartuko da Lapurdin. Azkaineko, Ainhoako, Ezpeletako, Irisarriko, Hazparneko, Hiriburuko, Uztaritzeko eta Senpereko zaleek izango dute aukera Itzuliaz gozatzeko. Kanbon ere egin ahalko dugu, noski; bertan jokatuko dute aurtengo Itzuliko aurreneko esprint berezia, 49,6. kilometroan. Ezpeletan egingo dute bigarrena, 152,2. kilometroan, helmugarako zortzi kilometro baino gutxiago gelditzen direnean. Esprint bereziak, jokoan jartzen duten denbora saria tarteko, giltzarriak izan litezke sailkapen nagusiko lehenengo postua zehazteko… eta, agian, azken irabazlea ere bai.
2024ko Euskal Herriko Itzuliaren bigarren etapako irabazlea, hortaz, Kanbon igoko da podiumera. Biharamunean, gogortasuna bere lekua hartzen joango da, hirugarren jardunaldian.
PROFILA
--------------------
IBILBIDEA
FITXA TEKNIKOA
Etapa: 2. etapa (apirilak, 2).
Ibilbidea: Irun-Kanbo.
Distantzia: 160 kilometro.
Goranzko desnibel metatua: 2.345 metro.
Hasiera ordua: 13:21ean, irteera neutralizatua; 13:29an, benetako irteera.
Amaiera ordua: 17:42an (38 km/h); 17:29an (40 km/h); 17:08an (42 km/h).
2. ETAPAKO MENDATEAK
--------------------
2. ETAPAKO AZKEN KILOMETROAK