Itxi

Apirilak 3, asteazkena

2024ko Euskal Herriko Itzuliko 3. etaparen profila, ibilbidea eta ordutegia: Ezpeleta-Altsasu (190,9 km)

EITB MEDIA

Leer en Castellano

63. Itzuliko etaparik luzeena da, eta sei mendate puntuagarri izango ditu. Lasterketa Lapurdin hasiko da, eta Hego Euskal herrira bueltatu, Nafarroara; jardunaldiko zati bat Gipuzkoan jokatuko dute.

2024ko Euskal Herriko Itzuliaren 3. etapako profila. Irudia: itzulia.eus.

190,9 kilometroko ibilbidea, tartean mendiko sailkapenerako puntuagarriak diren sei mendate; hori gainditu beharko dute 2024ko Euskal Herriko Itzuliko txirrindulariek hirugarren etapan, apirilaren 3an (asteazkena da). Aurtengo Itzuliko etaparik luzeena da, Ezpeletan hasi eta Altsasun amaituko da, eta, eguna bukatuta, parte-hartzaileek Itzuliko erdia izango dute burututa, kontuan izanik probak sei etapa dituela eta, beraz, beste hiru egun geldituko direla aurretik.

Hirugarren etapa honetako sei mendateei erreparatuta, nabarmentzekoa da hiru 2. mailakoak direla, Otsondo, Usategieta eta Lizarrusti hain zuzen ere, eta gainerako hirurak, Uitzi, Zuarrarrate eta Olaberria, 3. mailakoak. Lanean hasi eta berehala, 8,5. kilometroan, tropela Otsondoko pankartapean igaroko da; mendate hori etapan 300 metro eginda hasiko dira igotzen, eta batez beste % 5,7ko malda du. Elizondo eta Doneztebe atzean utzita, Hego Euskal Herrian, Nafarroan, Usategieta igotzen hasiko dira; mendate horrek 11,2 kilometroko igoera du, eta % 3,2koa da, batez beste. Lasterketako 59,8. kilometroan iritsiko dira ziklistak mendate horretako gainera.

Ia segituan, Itzulia Leitzan izango da, eta Uitzi igoko dute; hori 4,7 kilometroko ahalegina izango da, eta batezbesteko malda % 6,9koa du. Lekunberrira jaitsiko dira txirrindulariak, hori eginda, eta, ia-ia arnasa hartzeko tarterik izan gabe, Zuarrarrate igoko dute (6,8 kilometro, % 3,6ko malda).

Etxarri Aranatzek emango dio ongietorria gerora, eta, ondoren, 123. kilometroan, hirugarren etapa honetako aurreneko esprint berezia jokatuko dute, Altsasun. Otsaurten eta Zegaman izango da Itzulia hori eginda, eta Olaberria mendatea dator jarraian; igoera hori laburra da, 1,6 kilometrokoa, baina gogorra ere bai, batez beste % 7,5eko malda baitu. Etapa, puntu horretan, 154,2. kilometroan izango da.

Lizarrusti izan liteke erabakigarria. Mendate horretako pankartatik helmugara, 18 kilometro geldituko dira. Lizarrusti 6,4 kilometroko igoera da, eta batez beste % 4,7ko malda du. Igoera amaitutakoan, Etxarri Aranatzeko esprint berezia izango da, eta horrek, nolabait, etapa garaipenarekin lotutako lehiari hasiera emango dio.

Azken zatia laua da, azkarra. Altsasun ikusiko dugu 2024ko Itzuliko hirugarren podiuma, eta sailkapen nagusia gero eta argiago geldituko da. Hori bai, oraindik hiru etapa izango dira Eibarreko amaierara arte.

PROFILA

2024ko Euskal Herriko Itzuliaren 3. etapako profila. Irudia: itzulia.eus.

--------------------

IBILBIDEA

2024ko Euskal Herriko Itzuliaren 3. etapako ibilbidea. Irudia: itzulia.eus.

FITXA TEKNIKOA

Etapa: 3. etapa (apirilak, 3).

Ibilbidea: Ezpeleta-Altsasu.

Distantzia: 190,9 kilometro.

Goranzko desnibel metatua: 3.008 metro.

Hasiera ordua: 12:43an. 

Amaiera ordua: 17:45ean (38 km/h); 17:29an (40 km/h); 17:16an (42 km/h).

3. ETAPAKO MENDATEAK

Otsondo mendatea, 2024ko Euskal Herriko Itzuliaren 3. etapan. Irudia: itzulia.eus.

--------------------

Usategieta mendatea, 2024ko Euskal Herriko Itzuliaren 3. etapan. Irudia: itzulia.eus.

--------------------

Uitzi mendatea, 2024ko Euskal Herriko Itzuliaren 3. etapan. Irudia: itzulia.eus.

--------------------

Zuarrarrate mendatea, 2024ko Euskal Herriko Itzuliaren 3. etapan. Irudia: itzulia.eus.

--------------------

Olaberria mendatea, 2024ko Euskal Herriko Itzuliaren 3. etapan. Irudia: itzulia.eus.

--------------------

Lizarrusti mendatea, 2024ko Euskal Herriko Itzuliaren 3. etapan. Irudia: itzulia.eus.

--------------------

3. ETAPAKO AZKEN KILOMETROAK

2024ko Euskal Herriko Itzuliaren 3. etapako azken kilometroak. Irudia: itzulia.eus.

Albisteak (2)