Itxi

5. etapa

Romain Gregoirek irabazi du Zornotzako esprinta, eta Mattias Skjelmosek maillot horiari eutsi dio

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Groupama-FDJ taldeko txirrindularia izan da azkarrena helmugan; Alex Aranburu bosgarren sartu da, eta Pello Bilbao zazpigarren. Lidl-Trekeko danimarkarrak sailkapen nagusiko lehen postuan jarraitzen du, 2024ko Euskal Herriko Itzuliaren etapa nagusia jokatu aurretik.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Groupama-FDJ taldeko Romain Gregoire txirrindulari frantziarrak irabazi du, ostiralean, Zornotzan, 2024ko Euskal Herriko Itzuliaren bosgarren etapa, eta Lidl-Trek taldeko Mattias Skjelmose ziklista danimarkarrak sailkapen nagusiko lehenengo postuan jarraitzen du, lasterketako bosgarren eta azken-aurreko etapa jokatu ostean. Gregoirek oso esprint estuan lortu du garaipena; Alex Aranburu (Movistar) eta Pello Bilbao (Bahrain Victorious) ere sartu dira esprintetan, eta bosgarren eta zazpigarren tokian helmugaratu dira, hurrenez hurren.

Ezer ez dago erabakita Itzulian, sailkapen nagusiko lehen 23 gizonak minutu bakarrean baitaude, eta bosgarren etapa erorikoek markatu dute berriro ere; hain zuzen ere, Mañarian jazo da larriena, Urkiolarako igoera hasi aurretik. Bertan, Mikel Landa lurrera joan da, eta lepauztaia hautsi du. Murgiarrak aukera ederra zuen Itzulian berriro ere ohorezko posturen bat eskuratzeko, baina agur esan behar izan dio probari.

Kirol ikuspegitik begiratuta, Visma Lease a Bike taldeko Sepp Kuss eta UAEko Isaac del Toro izan dira eguneko ihesaldietako batean, eta tropelak harrapatu ostean, bederatzi gizonek osatutako talde bat ibili da ihes eginda, Enekoitz Azparren tartean zela. Muniketarako aurreneko igoera hastear zela, talde hori lasterketa buruan zebilen, baina tropelak kontrolpean izan du une oro.

Etapa azken 20 kilometroetan sartzear zela, bost txirrindularik minutu erdiko abantaila atera diote tropelari: Kern Pharmako Ibon Ruiz zen horietako bat, eta beste hauek ibili dira gasteiztarrarekin batera: Johannes Staune-Mittet (Visma), Remy Rochas (Groupama), Michal Kwiatkowski (INEOS) eta Mark Donovan (Q36.5). Tao Geoghegan Hart britainiarra (Skjelmoseren taldekidea) izan da liderraren multzoa gidatzeko arduraduna lasterketa Muniketara bigarrenez heldu denean. Polita izan da igoera hori, eta Isaac del Toro ere nabarmendu da.

Horrenbestez, iheslariak harrapatu ostean, etapako garaipena esprintean erabaki da, eta Romain Gregoirek aurkari guztiak menderatu ditu pankartaren azpian; Caja Rural-Seguros RGA taldeko Orluis Aular venezuelarra eta BORA-hansgroheko Maximilian Schachmann alemaniarra garaipenetik gertu egon dira, baina liderra nagusitu zaie azkenean. Gregoirek orain arte lortu duen garaipenik handiena erdietsi du, eta 21 urte dituela jakinda, ibilbide oparoa egiteko moduan dagoela ematen du.

Seigarren eta azken etapa, Eibarren abiatu eta Eibarren bukatuko dena, giltzarria izango da, eta zalantza guztiak argituko ditu. Txirrindulariek indarrak probatu eta aurkariei mina egiteko moduko bidea izango dute aurretik. Jardunaldi ikusgarria izan liteke.

5. etapako sailkapena

1 - GREGOIRE Romain (Groupama) 3:43:28

2 - AULAR Orluis (Caja Rural) d. b.

3 - SCHACHMANN Maximilian (BORA) d. b.

4 - PACHER Quentin (Groupama) d. b.

5 - ARANBURU Alex (Movistar) d. b.

6 - BUITRAGO Santiago (Bahrain) d. b.

7 - BILBAO Pello (Bahrain) d. b.

8 - HOWSON Damien (Q36.5) d. b.

9 - BATTISTELLA Samuele (Astana) d. b.

10 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) d. b.

Sailkapen nagusia

1 - SKJELMOSE Mattias (Lidl) 12:19:39

2- SCHACHMANN Maximilian +0:02

3 - AYUSO Juan (UAE) +0:04

4 - VAUQUELIN Kevin (Arkea) +0:06

5 - GREGOIRE, Romain (Groupama) +0:08

6 - MCNULTY Brandon (UAE) +0:13

7 - ARMIRAIL Bruno (Decathlon) +0:14

8 - BILBAO Pello (Bahrain) +0:15

9 - ARANBURU Alex (Movistar) +0:23

10 - JEGAT Jordan (TotalEnergies) +0:30

Kontsultatu hemen 2024ko Euskal Herriko Itzuliaren sailkapen guztiak.

Albisteak (8)

Bideoak (1)