Gaur hasiko da
Valverde, Henao eta Contador, Itzulia irabazteko faboritoak
Mikel Dominguez | eitb.eus
Murtziarrak erabateko nagusitasuna izan du Kataluniako Voltan, kolonbiarrak Paris-Niza irabazi du eta madrildarrak bere bosgarren txapela irabazi nahi du.
Hiru izen besteen aurretik ageri dira 2017ko Euskal Herriko Itzulia irabazteko faboritoen zerrendetan. Alejandro Valverde (Movistar), Sergio Luis Henao (Sky) eta Alberto Contador (Trek-Segafredo) aukera gehien dituzten txirrindulariak dira.
Movistarreko murtziarrak nagusitasun osoz eskuratu zuen Kataluniako Volta, sailkapen orokorrean Contadorrekiko minutu bateko aldearekin eta, gainera, hiru etapa irabazita. Aldapan gora aurkari guztiak baino hobeto aritu zen. Gorka Izagirre taldean duela iritsiko da Iruñera.
Sky taldeko kolonbiarrak gustuko dituen errepideetan bilatuko du garaipena. Ez du etaparik irabazi denboraldi honetan, baina Paris-Niza eskuratu du, Pintoko txirrindulariarekiko alde eskasarekin. Miguel Indurain Sari Nagusian hirugarrena izan zen; Michael Woodsek (Cannondale) bigarren posturako esprinta irabazi zion. Taldean Mikel Nieve izango du.
Trek-Segafredo taldeko madrildarrak Valverde eta Henaorekin izan dituen borrokak galdu egin ditu Katalunian eta Frantzian, hurrenez hurren. Hala ere, Contador Itzuliko garaile historikorik onena bilaka daiteke, bosgarren txapela lortzen badu. Ez da iritsi aurreko urteetako mailean. Alboan Markel Irizar eta Haimar Zubeldiaren eskarmentua izango du.
Euskaldunen artean sailkapen orokorra irabazteko aukerak dituena Ion Izagirre da. Aurrekoak baino maila baxuagoan, ibilbidea dauka bere alde. Lehenengo aldiz, taldeko liderra izango da Euskal Herrian, Bahrain-Meridan.
Eibarko azken etapa luzea erlojuaren kontra (37 km), dudarik gabe, erabakigarria izango da. Kaltetuena kolonbiarra izan daiteke.