Lehen etapa
Matthewsentzat lehen etapa eta liderraren elastikoa
Erredakzioa
Esprintean nagusitu eta Euskal Herriko Itzuliaren 57. edizioko lehen liderra da. Igor Anton protagonista izan da eguneko ihesaldian.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Michael Matthewsek (Sunweb) irabazi du Euskal Herriko itzuliaren lehen etapa eta lasterketaren 57. edizioko lehen liderra da. Etapa Iruñean hasi eta Sarrigurenen bukatu da, 153,3 kilometroko ibilbidea izan duelarik.
Eguneko ihesaldian Igor Anton (Dimension Data) izan da protagonistetako bat Yoann Bagot (Cofidis) eta Mas Bonet (Caja Rural) txirrindulariekin batera. Etapa hasieran egin dute jauzi tropeletik eta lau minututik gorako abantaila izateraino iritsi dira. Helmugarako 30 kilometro falta izan direnean tropelak minutu bakarrera murriztu du ihesaldiarekiko izan duen desabantaila eta Antonek etsi egin du. Mas Bonet eta Bagot geratu dira lasterketaren buruan, baina tropelak helmugarako 20 kilometro falta izan direnean harrapatu ditu.
Azken kilometroetan esprinterren taldeak jarri dira troplearen buruan eta erritmo bizia ezarri dute. Allaphilippek (Quick-Step Floors) erasoa jo du, metro batzuetako abantaila hartu du tropelarekiko, baina gurpila zulatu eta tropelak harrapatu egin du. Ondorioz, esprintean erabaki da etapa garaipena eta Matthewsek aise irabazi du. Jay McCarthy (Bora-Hansgrohe) izan a bigarren eta Simon Gerrans (ORICA-Scott), hirugarren.