EUSKADI SARIAREN IRABAZLEA
Maite Mutuberriak diseinatu du Itzuliaren 2023ko ekitaldia iragarriko duen kartela
A. A. | EITB MEDIA
Aurreko lau urteetan gertatu legez, Literatura Lanen Ilustrazio kategorian Euskadi Literatura Saria jaso duen azken artistari egokitu zaio 2023ko Itzuliko kartel iragarlea diseinatzea.
Euskal Herriko Itzuliaren 2023ko edizioa, 62.a, iragarriko duen kartela aurkeztu dute astelehen honetan Bilbon, k Arte Ederren Museoan. Maite Mutuberria nafarrak izan du lan hori sortzeko ardura, Literatura Lanen Ilustrazioa kategorian Euskadi Literatura Sariaren azken irabazlea baita. Mutuberriak Irrimola lanarekin irabazi zuen sari hori.
Maite Mutuberriak berak azaldu du kartelaren sormen prozesua: "Bueltatu, biratu, irauli. Lehen begi-kolpean, itzuli hitzaren adiera nabarienak irudikatzen ditu kartelak. Aldi berean, txirrindulariek lasterketan egiten duten ahalegin itzela islatu nahi izan dut. Sisiforen harkaitza bailitzan, txirrindulariek bizikleta gailurrera bultzatzen dute, berriz ere haranera jaisteko, itzulinguru etengabe batean".
Diseinuari dagokionez, Itzuliak berezko dituen koloreak erabili ditu "ohiko berde, gorri eta zuriak biziagotuz, lasterketa egunetan gure inguruetan bizi den giro alaia iradokitzeko". "Kolore hauei, gainera, maillotaren hori deigarria gehitu diet", erantsi du. Mutuberriaren esanetan, "lana burutzeko XX. mende hasieran murgildu naiz, Itzuliaren sorreraren garaian. Orduko euskal margolarien lanak arretaz eta plazerrez begiratu ditut, tradizioa irudikatzeko zuten modu, tonu eta forma estilizatuetatik zerbait ikasi nahian".
Maite Mutuberriak diseinatutako kartela
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aurkezpen ekitaldian azaldu duenez, "Gerra Zibila baino lehenago goi-mailako euskal artistak arduratzen ziren Itzuliaren kartelak egiteaz, eta 2019an ohitura hori berreskuratzea erabaki genuen. Euskal sortzaileei beren lana erakusteko aukera berriak eta ohikoa ez den publiko zabal batengana heltzeko aukera eskaintzen die ekimen honek".
2019az geroztik, Yolanda Mosquera, Asisko Urmeneta, Miren Asiain eta Javier de Isusi izan dira Itzuliko kartelak diseinatzeko arduradunak. Denak daude Arte Ederren Museoan gordeta, Bilbon.
Itzuliaren 62. ekitaldia apirilaren 3tik 8ra egingo da. Gasteizen izango du abiapuntua, eta Eibarren amaituko da, sei etapa jokatu ondoren.