Itxi

62. EKITALDIA

2023ko Itzuliko ibilbidearen eta etapen profilen nondik norakoak plazaratu dituzte

A. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Txirrindulariek 992,5 kilometro bete beharko dituzte Gasteiztik abiatu eta, sei etaparen ostean, Eibarren amaituko den lasterketan. Ez da erlojupekorik izango, eta ibilbidean zehar 26 mendate izango dituzte zain, horietako zazpi azken jardunaldian.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskal Herriko Itzuliko (Itzulia Basque Country) lasterketako antolatzaileek apirilaren 3an Gasteizen hasi eta apirilaren 8an Eibarren bukatuko den lasterketako ibilbidearen xehetasunak plazaratu dituzte asteazken honetan, Eibarko udaletxean egindako agerraldian. Izan ere, 2023ko Kirolaren Europar Hiri izendatu duten hiri armaginak hartuko du lasterketaren azken etapa.

Ohikoa den legez, probak sei etapa izango ditu, 992,5 kilometroko ibilbidean zehar banatuta, eta ez du erlojupeko jardunaldirik izango. Ondorioz, handitu egin da Eibarko azken helmugara iristeko egin beharreko kilometro kopurua, 992,5 kilometro, hain zuzen ere. Denetara 26 mendate gainditu beharko dituzte, horietako gehienak (16) hirugarren mailakoak. Bigarren mailakoak 7 izango dira, eta lehen mailakoak, berriz, 3 baino ez, baina guztiak azken etapan egongo dira bilduta.

Arabako errepideetatik jokatu den hastapeneko jardunaldiak motorrak berotzeko balioko die parte-hartzaileei. Gasteiztik Bastidara egingo dute estreinako egun horretan, 165,4 kilometro eta mendate bakarra (Opakua, 2. mailakoa) izango dituen ibilbidean. Liderraren lehen elastikoa jantzi nahiko dutenek erne egon beharko dute, bai etapan zehar ager daitekeen haizearekin, bai azken kilometroarekin; izan ere, goranzko joera du (% 8 eta % 6ko tarteak), eta horrek balizko esprinta zailduko du.

Nafarroako errepideetatik barrena ibiliko dira txirrindulariak bigarren jardunaldian, Viana eta Leitza batzeko. Horixe izango da etaparik luzeena, 193,8 kilometrokoa. Bost tontor ageri dira profilean, ia denak ibilbideko azken aldera kokatuta. Azkena Arkiskil izango da, 2. mailakoa. Behin hura gaindituta, bost kilometro baino ez dira geratuko helmuga harrapatzeko, guztiak maldan behera.

Hirugarren etapari dagokionez, Gipuzkoan hasi eta bukatuko da; Errenteriatik abiatuko baita Villabona-Amasara iristeko (162,8 kilometro). Aurreko egunean bezala, bost mendate izango ditu ibilbideak, guztiak 3. mailakoak, azken 100 kilometroetan. Dena den, eguneko igoerarik ikusgarriena azken kilometroan sartuta izango dute zain txirrindulariek. Izan ere, Hikako aldapa ezin gogorretan % 26ko tarteak gainditu beharko dituzte.

Lasterketaren erdialdean, Bizkaira joko dute txirrindulariek, hurrengo bi etapak bertan jokatzeko asmoz. Hala, Santurtzik hartuko ditu laugarren jardunaldiko irteera eta helmuga (175,7 kilometro). Ibilbidean zehar Araban ere sartuko da lasterketa, Laudio, Amurrio eta Errespalditza horren lekuko izanik. Lau igoerako eguna izango da, zailena La Asturianakoa (2. mailakoa). Bertako gainaldetik helmugara 15 kilometro faltako dira, ia gehienak goitik beherakoak.

Azken-aurreko etapan ere herri berean egongo dira kokatuta irteera eta helmuga, Zornotzan, hain zuzen ere. 164,5 kilometroko jardunaldi gorabeheratsua izango dute ziklistek, eta lau gain pasatu beharko dituzte; azkena, Belarrinaga (3. mailakoa). Dena den, bertatik amaierara bitartean, 25 kilometro geratuko dira oraindik; hortaz, abenturazaleentzat faboritoentzat baino aproposagoa izan daiteke, baita zuzendarien estrategiak probatzeko egokia ere.

Azken etapa izango da Itzuliko laburrena (137,8 kilometro), baina baita gogorrena ere, nahiz eta ez den Arraten amaituko. Seigarren jardunaldira arte irauten duten parte-hartzaileek zazpi mendateri egin beharko diete aurre Eibarren abiatu eta Eibarren bukatuko den azken etapa erabakigarrian: Elkorrieta (3. mailakoa), Azurki (1. mailakoa), Gorla (2. mailakoa), Krabelin (1. mailakoa), Trabakua (3. mailakoa), Izua (1. mailakoa) eta Urkaregi (3. mailakoa). Orduan jakingo da nor izango den 62. ekitaldiko irabazlea.

2023KO ITZULIKO ETAPEN PROFILAK:

1. etapa (apirilak 3): Gasteiz – Bastida (165,4 kilometro)

2023ko Itzuliko 1. etaparen profila. Argazkia: Itzulia

------------------------------------------------------

2. etapa (apirilak 4): Viana – Leitza (193,8 kilometro)

2023ko Itzuliko 2. etaparen profila. Argazkia: Itzulia

------------------------------------------------------

3. etapa (apirilak 5): Errenteria – Villabona-Amasa (162,8 kilometro)

2023ko Itzuliko 3. etaparen profila. Argazkia: Itzulia

------------------------------------------------------

4. etapa (apirilak 6): Santurtzi – Santurtzi (175,7 kilometro)

2023ko Itzuliko 4. etaparen profila. Argazkia: Itzulia

------------------------------------------------------

5. etapa (apirilak 7): Zornotza – Zornotza (164,5 kilometro)

2023ko Itzuliko 5. etaparen profila. Argazkia: Itzulia

------------------------------------------------------

6. etapa (apirilak 8): Eibar – Eibar (137,8 kilometro)

2023ko Itzuliko 6. etaparen profila. Argazkia: Itzulia

Albisteak (2)

Bideoak (2)