Itxi

Aurkezpen ofiziala

Vingegaard eta beste hainbat faborito saiatuko dira Itzulian Daniel Felipe Martinezi lekukoa hartzen

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Ostegunean aurkeztu dute ofizialki 2023ko Euskal Herriko Itzulia, eta, besteak beste, Jonas Vingegaard 2022ko Frantziako Tourraren irabazlea, Martinez 2022ko Itzuliaren irabazle, Pello Bilbao, Mikel Landa, David Gaudu, Simon Yates, Ion Izagirre eta Enric Mas arituko dira bertan.

Jonas Vingegaard 2022ko Itzulian. Argazkia: EFE

Jonas Vingegaard Jumbo - Visma taldeko txirrindulari danimarkarra, Frantziako Tourraren azken irabazlea, eta beste hainbat faborito nagusi ahaleginduko dira 2023ko Euskal Herriko Itzulian Ineos – Grenadiers taldeko Daniel Felipe Martinez kolonbiarraren lekukoa hartzen, hau da, 2022ko Itzulia irabazi zuen ziklistaren oinordekoa izaten. Lasterketa ostegunean aurkeztu dute, Eibarren, eta parte-hartzaileen zerrenda maila gorenekoa da; izan ere, bertan izango dira, aipatutako bi txirrindulariez gain, Bahrain – Victoriouseko Pello Bilbao eta Mikel Landa, Groupama – FDJ taldeko David Gaudu, Simon Yates (Jayco -Alula), Ion Izagirre (Cofidis) eta Enric Mas (Movistar).

Testuinguru horretan, 2023ko Itzuliaren aurkezpen ofiziala egin dute. Apirilaren 3an hasiko da, historian 62. aldiz egingo dute Euskal Herriko Itzulia, eta aurkezpen ekitaldia Eibarren izan da; hain zuzen, lasterketa bertan amaituko da, apirilaren 8an, eta antolatzaileek prestatutako sei etapetako azkenean tropela hiri armaginetik bertatik abiatuko da.

2023ko Itzulia Gasteizen hasiko da, eta lehen etapan txirrindulariak Bastidara ailegatuko dira; bigarren eguna, ordea, Nafarroan emango dute, etapa Vianan hasita eta Leitzan amaituta; hirugarren etapa, Gipuzkoan, Errenteriatik irten eta Amasa-Villabonan bukatuko da; laugarrenak (Santurtzi-Santurtzi) eta bosgarrenak (Ekin-Zornotza -Zornotza) zehaztuko dute sailkapen nagusiko zein gizonek duten Itzulia irabazteko aukera, eta Eibar-Eibar etapak, alegia, azken jardunaldiak, zehaztuko du nork bereganatzen duen azken maillot horia.

Guztira, 23 talde arituko dira Itzulian; UCI WorldTeam maila goreneko 18 taldeak eta UCI ProTeam mailako beste bost arituko dira bertan, tartean Euskaltel-Euskadi, Caja Rural eta Kern Pharma. Daniel Felipe Martinezek eramango du 1. dortsala aldean, horrek irabazi baitzuen aurreko Itzulia, eta 2022ko garaipena berrestea izango du helburu; hori lortzeko, baina, denboraldi hasieran ondoen ibili diren txirrindularietako batzuk menderatu beharko ditu, baita orain arte horren ondo ibili ez diren baina azken urteotan emaitza bikainak lortuta dituzten beste ziklista batzuk ere.

Ikusi beharko da nola dabilen Martinez, kontuan izanik 2023an ez duela, oraingoz, aparteko emaitzarik lortu; ondorioz, Jonas Vingegaard da Itzulia irabazteko hautagai nagusia. Danimarkarrak nagusitasun handiz irabazi zuen O Gran Camiño lasterketa (hiru etapetan izan zen lehena; lehenengo etapa bertan behera utzi zuten, meteorologia egoera tarteko), eta Paris-Nizan ere ondo aritu zen. Azken horretan, hirugarren sailkatu zen, Tadej Pogacarren eta David Gauduren atzetik.

Azken hori, Groupama – FDJ taldeko liderra, Gasteizko irteeran izango da, eta, Frantziako proban zein ondo ibili zen ikusita, faborito nagusien zerrendan egotea merezi du. Hiru euskal txirrindulari egon litezke, halaber, Itzulia irabazteko borrokan: Pello Bilbao eta Mikel Landa (Bahrain – Victorious) eta Ion Izagirre (Cofidis). Pello Bilbao, egun, zazpigarren postuan dago munduko sailkapenean, eta sasoi betean dabil; Landa, egunotan, Kataluniako Voltan, erakusten ari da onenen parean dabilela; eta Ion Izagirre Euskal Herriko Itzulian aditua da, 2019an lortu zuen garaipenak eta iazko bigarren postuak erakusten dutenez.

Arestian zehaztutakoez gain, gainerako euskal txirrindularirik onenak ere irtengo dira Itzulian. Antolatzaileek hauek ere eman dituzte parte-hartzaileen zerrendan: Jonathan Castroviejo eta Omar Fraile (Ineos Grenadiers), Jonathan Lastra (Cofidis), Alex Aranburu eta Gorka Izagirre (Movistar) eta Jon Aberasturi (Trek – Segafredo).

Egan Bernal eta Carlos Rodriguez (Ineos – Grenadiers), Emanuel Buchmann eta Sergio Andres Higuita (Bora – hansgrohe), Richard Carapaz, Andrey Amador, Esteban Chaves eta Rigoberto Uran (EF Education – EasyPost), Rui Costa (Intermarche), Simon Yates (Jayco), Enric Mas (Movistar), Fausto Masnada (Soudal Quick-Step), Juanpe Lopez (Trek- Segafredo), Rohan Dennis eta Steven Kruijswijk (Jumbo – Visma), eta Adam Yates, Juan Ayuso, Brandon McNulty eta Marc Soler (UAE Team Emirates) ere izango dira Gasteizen, apirilaren 3an. Euskaltel-Euskadi, Caja Rural eta Kern Pharma taldeek, halaber, ilusioa eta indarra jarriko dituzte aurtengo Itzulian. 

Albisteak (4)

Bideoak (2)