Itxi

Euskaltel-Euskadi

Euskaltel-Euskadik Bizkarra, Bou, Canal, Etxeberria, Iribar, Juaristi eta Martin hautatu ditu Itzulirako

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Jorge Azanza kirol zuzendariak zazpi txirrindulari horiek aukeratu ditu astelehenean hasiko den Euskal Herriko Itzulian lehiatzeko. Itzulia da, hain zuzen ere, euskal taldearen denboraldiko helburu nagusia, kontuan izanik ez duela jaso Espainiako Vueltan aritzeko gonbidapena.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskaltel-Euskadik Mikel Bizkarra, Joan Bou, Carlos Canal, Asier Etxeberria, Unai Iribar, Txomin Juaristi eta Gotzon Martin txirrindulariak hautatu ditu 2023ko Euskal Herriko Itzulirako, euskal taldeak asteartean jakitera eman duenez. Jorge Azanza kirol zuzendariak zazpi ziklista horiek aukeratu ditu datorren astelehenean (apirilaren 3an) hasiko den Euskal Herriko Itzulian lehiatzeko; Itzulia da, hain zuzen ere, denboraldiko euskal taldearen helburu nagusia, kontuan izanik ez duela jaso Espainiako Vueltan aritzeko gonbidapena.

Testuinguru horretan, Euskaltel-Euskadik Bilbon aurkeztu du zein txirrindulari arituko diren Itzulian, alegia, "denboraldiko lasterketarik ilusionagarrienean". Guggenheim Museoan egin dute aurkezpen ekitaldia; Xabier Iturbe Euskaltel enpresako presidenteak, bertan, taldearen DNA nabarmendu nahi izan du: "Harrobitik da gure ezaugarrietako bat; adorea da, borrokarako gogoa, borrokan beti egoteko grina, inoiz ez amore ematea", azpimarratu du.

Jon Ander de las Fuentes Euskalteleko zuzendariak, ordea, berretsi du Itzulia dela Euskaltel-Euskadiren helburu nagusia denboraldi honetan: "Aurten, txirrindularitzaren urtea da. Frantziako Tourrak Euskal Herrian egingo ditu lehen hiru etapak, eta Itzulia gure txiki Tourra izango da", adierazi du De las Fuentesek.

Halaber, "Marea Laranja" izenekoaren elastiko berria zein den ere iragarri dute. Kukuxumuxuk diseinatu du, eta Beelorzia ahuntza du protagonista; ekitaldian esan dutenez, elastikoa etapa guztien helmugan banatuko dute (Bastidan, Leitzan, Villabonan, Santurtzin, Zornotzan eta Eibarren), irteeretan ere bai, taldearen autobusean azken kasu horretan, eta Eibarreko etapan, hau da, azkenean, "bihurgune laranja" izenekoan.  

Albisteak (8)

Bideoak (1)