2. etapa

Ewan nagusitu da Lodosan, esprintean garaipena bereganatuta

EITB Media

Leer en Castellano

Australiarra izan da onena Itzuliko 2. etapan, esprintean aurkari guztiak gaindituta. Schachmannek lidertzari eutsi dio.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Caleb Ewanek (INEOS Grenadiers) irabazi du 2025eko Itzuliko bigarren etapa, Iruñea eta Lodosa artean jokatu dena eta 186,6 kilometroko ibilbidea izan duena. Esprintean gailendu da australiarra, nagusitasunez. Maximilian Schachmannek (Soudal Quick-Step) lidertzari eutsi dio.

Antolatzaileek etapako ibilbidea moldatu dute segurtasun arrazoiengatik, eta, azkenean, aurreikusitakoa baino 11 kilometro gutxiago izan ditu. Azkar sortu da eguneko ihesaldia, eta bost txirrindulari ibili dira lasterketaren buruan: Xabier Isasa (Euskaltel-Euskadi), Diego Uriarte (Kern Pharma), Julen Arriola-Bengoa (Caja Rural-Seguros RGA), Sinuhe Fernandez (Burgos-Burpellet BH) eta Tobias Bayer (Alpecin-Deceuninck).

Boskotea tropelarekiko ia hiru minutuko abantailarekin ibili da etapako zati askotan. Talde nagusiak ez die abantaila asko handitzen utzi. Arriola-Bengoa izan da lasterketa buruko boskotetik etsi egin duen lehena. Geroago, tropelak kontrol lanak egin ditu, eta Isasa bakarrik geratu da buruan, helmugarako bost kilometro falta zirenean. Euskal txirrindularia ausart ibili da; hala ere, haren ekinak ez dio saririk ekarri, tropelak harrapatu egin baitu amaierarako bi kilometro falta zirenean.

Tropelean etapa irabazteko faboritoak zirenen taldeek lanari ekin diote, eta esprinta jotzeko jardunean izan dira. Amaierako metroetan, esperotakoa; irabazlea esprintean erabaki da.

Esprinterren arteko lehian Caleb Ewan gailendu da, Luca van Boven (Intermarche-Wanty) bigarren eta Bastein Tronchon (Dectahlon AG2R La Mondiale) hirugarren.

Sailkapen nagusiko lehen hiru postuetan ez da aldaketarik izan; horrenbestez, Maximilian Schachmannek jarraitzen du lider, Joao Almeida (UAE Emirates-XRG) da bigarren, denbora berarekin, eta Florian Lipowitz (Red Bull-BORA-hansgrohe), hirugarren, liderrarekiko segundo bakarrera.

2. ETAPAKO SAILKAPENA:

2. etapako sailkapena. Argazkia: EITB Media

2. etapako sailkapena. Argazkia: EITB Media

SAILKAPEN NAGUSIA:

Sailkapen nagusia. Argazkia: EITB Media

 

Albisteak (3)

Bideoak (5)