Itxi

5. etapa

Italiako Giroa: Jerome Pineauk ziria sartu dio tropelari

Andoni Beldarrain

Erredakzioa

Quick Stepeko txirrindulari frantziarra ihesaldiko kideak izan dituen Fouchardekin eta Arashirorekin iritsi da helmugara eta esprintean gainditu ditu. Nibalik jarraitzen du lidergoan.

Quick Step taldeko Jerome Pineau frantziarrak irabazi du Italiako Giroko bosgarren etapa. Novara eta Novi Ligure artean burutu da 162 kilometroko etapa hau eta tropelak ezin izan ditu ihes eginda ibili diren txirrindulariak harrapatu.

Eguneko ihesaldia 18. kilometroan sortu da eta Arashiro, Fouchard, Voss eta Pineau txirrindulariek jo dute eraso hori. Ondo ulertu dira laurak eta 5 minutu eta 20 segundoko abantaila izateraino iritsi dira. Helmugarako 23 kilometro falta zirenean Voss atzean geratu da eta Pineau, Arashiro eta Fouchard geratu dira lasterketa buruan.

Bazirudien tropelak kontrolpean zituela iheslariak, baina ez da adostasun handirik egon taldeen artean. Lampre jarri da hasiera batean tropeletik tiraka eta gero zalantza momentu baten ondoren Columbiak gidatu du tropela. Dena den, kalkulagailuak huts egin die esprinterren taldeei. Iheslariak tropelarekiko metro gutxiko abantailarekin iritsi dira azken metroetara eta beraien artean erabaki da etapa irabazlea. Esprintean Pineau izan da nagusi, Fouchardek (Cofidis) bigarren postuan bukatu du eta Yukiya Arashiro (Bouygues) hirugarren izan da. Jarraian tropela helmugaratu da Tayler Farrar buruan zelarik.

Sailkapen nagusian ez da aldaketarik egon eta Vincenzo Nibalik (Liquigas) jarraitzen du lidergoan.

Bosgarren etapako sailkapena:

1. Jerome Pineau (Quick Step) 3:45:59
2. Julien Fouchard (Cofidis) d.b.
3. Yukiya Arashiro (Bouygues) d.b.
4. Tyler Farrar (Garmin-Transitions) + 4
5. Greg Henderson (Team Sky) d.b.

Sailkapen nagusia:

1. Vincenzo Nibali (Liquigas) 14:30:03
2. Ivan Basso (Liquigas) + 13
3. Valerio Agnoli (Liquigas) + 20
4. Matthews Goss (Team HTC-Columbia) + 26
5. André Greipel (Team HTC-Columbia) d.b.
6. Alexandre Vinokourov (Astana) + 33

Sailkapen gutziak

Horrla bizi izan dugu bosgarren etapa eitb.com-en


Albisteak (7)