4. etapa
Polancek lortu du garaipena Etna sumendian eta Jungels da lider berria
Erredakzioa
Jan Polanc (EAU) nagusitu da Italiako Giroaren laugarren etapan. Zakarin bigarren izan da 19"ra eta Mikel Landa 30"era helmugaratu da Thomasekin, Quintanarekin eta Nibalirekin batera.
Jan Polanc (EAU) izan da Italiako Giroaren laugarren etapako irabazlea eta Bob Jungels (Quick Step) da lasterketa italiarreko lider berria. Esloveniarrak erakustaldia eman du Cefalun hasi eta Etna sumendian amaitu den (181 kilometro) etapan.
Etapa hasieran sortu den ihesaldian sartu da Jan Polanc eta ihesaldiko kide izan dituen txirrindulariak banan-banan atzean uzten joan da. Etnako igoera bakarrean egin du, eta tropelak ezin izan du harrapatu 18 kilometro izan dituen igoeran. Ondorioz, garaipena eskuratu du Etna sumendiko helmugan.
Bigarren postua Inur Zakarin (Katusha) errusiarrarentzat izan da, irabazlearengandik 19 segundora. Geraint Thomas izan da hirugarren 30 segundora eta multzo horretan helmugaratu da Mikel Landa euskal txirrindularia Nairo Quintanarekin eta Vinenzo Nibalirekin batera.
Sailkapen nagusian Bob Jungels da liderra, Thomas da bigarren 6 segundora eta Adam Yates da hirugarren 10 segundora. Mikel Landa bederatzigarren postuan da, liderrarekiko 10 segundora.
Beste euskal txirrindulari bat ere protagonista izan da Etnako igoeran; Igor Antonek erasoa jo du helmugarako 2 kilometro geratzen izan direnean, baina tropelak ez dio aurrera egiten utzi.