20. etapa
Mikel Nieve garaile bere urtebetetzean; Froomek, azken garaipena ziurtatu du
Agentziak | Erredakzioa
Leitzako txirrindularia bera bakarrik sartu da Cerviniako helmugan. Robert Gesinki 2:17 atera dio eta faboritoen taldeari, berriz, 6:03.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Mikel Nieve leitzarrak irabazi du Italiako Giroko 20. etapa, 209 kilometrokoa, Susa eta Cervinia artean. Chris Froomek “maglia” arrosari eutsi dio eta bera izango da edizio honetako irabazlea.
Nievek era ezin hobean ospatu du bere 34. urtebetetzea: bera bakarrik sartu da Cerviniako helmugan, bost minutu, 43 minutu eta 48 segundoko denbora eginda. Bigarren Robert Gesink (Lotto NL Jumbo) holandarra izan da 2:17ra eta hirugarren Felix Grossschartner austriarra, 2:41era.
Gaurkoa kontuan hartuta, Mikel Nievek hiru etapa garaipen lortu ditu Italiako Giroan. Aurreko biak 2011n eta 2016an lortu zituen. 2016an, gainera, mendiko sailkapena irabazi zuen.
Chris Froomek zazpigarren egin du etapan eta 46 segundotan handitu du Tom Dumoulin holandarrarekin sailkapen nagusian duen aldea. Dumoulinek hainbat aldiz egin dio eraso Froomeri azken kilometroetan baina ez du lortu Skyko txirrindularia atzean uztea.
Pello Bilbaori dagokionez, Astanako bizkaitarra seigarren dago sailkapen nagusian, Froome liderrarengandik 11 minutu eta 50 segundora.