Maiatzaren 11tik ekainaren 2ra
Roglic, Landa, Lopez, Yates, Nibali eta Dumoulinek Froomeren lekukoa hartu nahi dute
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Itzulian zehar hiru erlojupekori (lehen etapa, azkena eta tarteko bat), goi-mendiko bost jardunaldiri eta gainaldean amaitzen diren zazpi ibilbideri egin beharko diete aurre parte-hartzaileek.
Zortzi kilometroko erlojupeko batek emango dio hasiera larunbat honetan Giroaren 102. ekitaldiari. Italiako lasterketa irabazteko faboritoen artean hainbat izen agertzen dira, eta horien artean daude, besteak beste, Primoz Roglic (Jumbo-Visma), Tom Dumoulin (Sunweb), "Superman" Lopez (Astana), Simon Yates (Mitchelton-Scott), Mikel Landa (Movistar) eta Vincenzo Nibali (Bahrain-Merida) txirrindulariak.
Itzulian zehar hiru erlojupekori (lehen etapa, azkena eta tarteko bat), goi-mendiko bost jardunaldiri eta gainaldean amaitzen diren zazpi ibilbideri egin beharko diete aurre parte-hartzaileek, ekainean 2an Veronara heldu bitartean. Era guztietako ezaugarriak dituzten txirrindularientzako aukerak egongo dira; dena dela, igotzaileak izango dira elastiko arrosaren lehian ibiliko direnak.
Orain arteko emaitzek Primoz Roglic esloveniarrarengan jartzen dute arretagune nagusia. Txirrindulari handinahia, lasaia eta ibilbide guztietara egokitzen dena da, eta aurtengo denboraldian Emirerrietako Itzulia, Adriatikoko Itzulia eta Romandiako Itzulia irabazi ditu dagoeneko.
Aitzitik, Froomeren, Geraint Thomasen eta Egan Bernalen (Ineos) hutsuneen aurrean, aurkari zuzenen ugari izango ditu.
Horien artean dago joan zen denboraldian Espainiako Itzulia bereganatu zuen Simon Yates. Britainiarra bueltan da Giroan, aurreko denboraldiko eskarmentuarekin. Esku-eskura izan zuen lasterketa irabaztea, baina, azkenerako, amore eman behar izan zuen Froomeren aurrean.
Asmo berekin dago Tom Dumoulin ere. 2017an irabazi zuen lasterketa, eta berarentzat urteko helburu nagusia da.
Hiru erlojupekoetan galtzen duen denbora neurrizkoa bada, Miguel Angel "Superman" Lopez kolonbiarrak Astanako taldekideen laguntza izango du (tartean egongo dira Ion Izagirre eta Pello Bilbao) kalitatezko jauzia eman dezan, aurreko denboraldiko Giroan eta Espainiako Itzulian hirugarren postuan sailkatu ostean.
Izen handien artean ez dugu baztertu behar Vincenzo Nibalirena. Bere palmaresean hiru handiak dituen txirrindulariak (Giro bi, Tour bat eta Espainiako Itzuli bat) oraindik ere zeresana eman nahi du, nahiz eta 35 urte beteko dituen aurten.
Euskal txirrindularien artean, Mikel Landa azpimarratu beharra dago. Arabarrak azken garaipenaren borrokan egon nahi du, 2015ean denon ahotan jarri zuen lasterketara itzuli den honetan (hirugarren egin zuen).
Murgiarra ohorezko postuen lehian egon dadila espero da, eta bere taldekide izango du 2018ko Giroan laugarren tokian sailkatu zen Richard Carapaz ekuadortarra.
Esprintetarako hiru izen
Esprintean amaituko diren etapei dagokienez, hiru gizon ageri dira besteen gainetik: Elia Viviani italiarra (Deceuninck-Quick Step), Fernando Gaviria kolonbiarra (UAE-Team Emirates) eta Caleb Ewan australiarra (Lotto).