Itxi

11. etapa

Ewanek bigarren garaipena bereganatu du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Lotto Soudal taldeko esprinter australiarra nagusitasunez gailendu zaie atzetik sartu diren Demareri eta Ackermanni.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Caleb Ewan (Lotto Soudal) txirrindulariak irabazi du asteazken honetan Carpi eta Novi Ligure artean korritu den Italiako Giroko 11. etapa (221 kilometro). Etapa lasaia izan da, eta australiarra nagusitasunez gailendu zaie Arnaud Demare (Groupama-FDJ) eta Pascal Ackermann (Bora-Hansgrohe) esprinterrei.

Lotto Soudaleko kideak 24 urte ditu eta bere ibilbide profesionaleko 34. garaipena erdietsi du, aurtengo Giroan lortu duen bigarrena, hain justu. Izan ere, lasterketako zortzigarren etapan ere garaile sartu zen helmugan.

Gaurkoan, bezperako etapa bereganatu zuen Demare azpiratu du Ewanek, nahiz eta frantziarrak gurpila harrapatu eta ezkerretik gainditzeko saiakera egin duen.

Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan; ondorioz, Valerio Conti (UAE-Team Emirates) italiarrak maillot arrosa soinean duela jarraitzen du. Erregulartasunari dagokionez, berriz, elastiko aldaketa gertatu da, Demare baita sailkapen horretako lider berria Ackermannen kaltetan.

Jardunaldiko ihesaldia hiru kidez egon da osatuta. Mirco Maestri (Bardiani-CSF), Marco Frapporti (Androni) eta Damiano Cima (Nippo Vini Fantini) italiarrak 195 kilometro eman dituzte tropelaren aurretik, baina euren ahalegina 25 kilometroren faltan amaitu da.

Astelehenean atseden hartu eta azken bi egunetan erabat lauak izan diren etapak korritu ostean, ostegun honetan ibilbidea aldatuko zaie parte-hartzaileei. Hamabigarren etapa Cuneon hasi eta Pinerolon bukatuko da (158 kilometro). Helmugara heltzeko 32 kilometroren faltan, aurtengo edizioko lehen mailako aurreneko mendatea igo beharko dute kirolariek: Montoso. 8,8 kilometroko luzera eta % 9,5eko batezbestekoa duen gaina da, eta etapa amaierari gatza eta pipera jar diezaioke.

Albisteak (6)

Bideoak (1)