Itxi

19. etapa

Chaves kolonbiarrak ihes eginda irabazi du San Martino di Castrozzan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Mitchelton Scotteko txirrindulariak 12 kidez osatutako eguneko ihesaldian parte hartu du. Gaurkoarekin, Giroan lortu duen hirugarren garaipena izan da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Esteban Chaves (Mitchelton Scott) kolonbiarrak bereganatu du Italiako Giroko 19. etapa, helmugara ihes eginda iritsi eta gero. Txirrindulariek Treviso eta San Martino di Castrozza arteko 151 kilometroko ibilbidea bete dute gaurkoan, sailkapen nagusiari begira apenas eraginik izan duen jardunaldian. Hartara, Carapazek lider izaten jarraitzen du.

Chavesek lau ordu eskas (4:01:31) behar izan ditu Di Castrozzara nabarmenduta heltzeko, eta, era horretan, Giroan lortzen duen hirugarren garaipena erdietsi du. Aurrekoa joan zen denboraldian lortu zuen, Etna gainean.

Kolonbiarrak 10 segundoko tartea atera dio bigarren sartu den Andrea Vendrame (Androni) italiarrari. Haren atzetik helmugaratu dira 12 kidez osatutako eguneko ihesaldiko gainerako protagonistak.

Faboritoek lasaitasunez hartu dute etapa, eta azken igoerako amaiera aldera besterik ez dira erasoka hasi. Miguel Angel "Superman" Lopez (Astana) kolonbiarra nabarmendu da arlo horretan, baina Movistarrek ez dio urrutiegira joaten utzi.

Primoz Roglic (Jambo Visma) esloveniarrak ere bere saiakeratxoa egin du, baina haren arerio zuzenak (Carapaz, Mikel Landa eta Vincenzo Nibali) erne ibili dira.

Horrenbestez, faborito nagusiak batera heldu dira, euren artean aldaketarik egon gabe: Richard Carapazek (Movistar) lider segitzen du. Ekuadortarrak 1:54ko aldea dauka bigarren tokian kotatuta dagoen Vincezo Nibalirekiko (Bahrain Merida). Ondoren, hirugarren postuan, Primoz Roglic (Jumbo-Visma) ageri da, 2:16ko atzerapenarekin. Mikel Landa, bere aldetik, 3:03ra dago, laugarren.

Larunbat honetan, itzuliko 20. etapa jokatuko da, etapa menditsua. Parte-hartzaileek bost mendate igo beharko dituzte Feltre eta Croce d'Aune-Monte Avena artean (194 kilometro): bigarren mailako hiru eta lehen mailako bi.

Albisteak (5)

Bideoak (1)