17. ETAPA
Bigarren ahaleginak garaipena ekarri dio O'Connorri Madonna di Campiglion
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bezperan bigarren helmugaratu ostean, australiarrak arrakasta izan du 17. etapan egindako ahaleginean
Ben o 'Connor (NTT Pro Cycling) txirrindulari australiarrak irabazi du asteazken honetan Italiako Giroko hamazazpigarren etapa, Bassano del Grappa eta Madonna di Campiglio artean (203 kilometro). Sailkapenan, Joao Almeida liderrak (Deceuninck-Qumeida) ez du arazorik izan lidergoari eusteko.
O'Connor bigarren izan zen bezperako etapan, San Daniele del Friulin amaitu zena, Jan Tratnik garailearengandik 7 segundora. Oraingoan, aldiz, australiarra ezkutatuta ibili da eguneko ihesaldian. Aitzitik, Madonna di Campiglio mendatean (1. mailakoa, 11,9 kilometrokoa, batez besteko 5,9ko maldak) kokatuta zegoen helmugarako 8,3 kilometro falta zirenean erasora jo du, eta aurreko egunean geratu zitzaion ahozapore gazia gozo bilakatu zaio gaurkoan.
Sailkapen nagusiari begira, txisparik gabeko eguna izan da handientzat, ostegunean Stelvion amaituko den igoeraren zain. Hartara, Almeidak 17 segundoko aldea izaten jarraitzen du Wilco Keldermanekiko (Sunweb) eta bi minutu eta 58 segundokoa Jai Hindleyrekiko (Sunweb). Pello Bilbao (Astana) bizkaitarra, bere aldetik, bosgarren tokian dago, Almeidarengandik 3:12ra.
Ostegun honetako 18. etapak, berriz, berebiziko garrantzia izan beharko luke. Pinzolo eta Laghi di Cancano arteko ibilide luzean (207 kilometro) txirrindulariek P.Castrini (1. mailakoa), Passo dello Stelvio (HC) mitikoa eta Torri di Fraele (1. mailakoa) igo beharko dituzte.
Etxeondoren lehiaketa
Parte hartu egunero Ez da Giro! saioak martxan jartzen duen lehiaketan, eta asmatu zein den hiru pisten atzean ezkutatuta dagoen txirrindularia. Erantzun zuzen guztiak Etxeondo etxeko maillot eta kulot baten zozketan sartuko dira.