19. ETAPA
Bouwmanek bigarren etapa garaipena erdietsi du eta Carapazek lider jarraitzen du
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Jumbo taldeko herbeheretarrak bere bigarren etapa irabazi du aurtengo Giroan, lasterketako igotzaile onenaren elastiko urdina ziurtatzeaz gain. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan, nahiz eta Mikel Landa mugitzen saiatu den jardunaldiaren amaieran.
Koen Bouwman (Jumbo-Visma) txirrindulari herbeheretarrak irabazi du Italiako Giroko hemeretzigarren etapa, Marano Lagunare eta Santuario di Castelmonte artean (178 kilometro) jokatu dena, bihurguneko irteerak dituen motor-lasterketa baten antzeko amaiera batean. Sailkapen nagusiari begira, Richard Carapazek (INEOS Grenadiers) Mikel Landaren erasoei erantzun die, eta líder jarraitzen du.
Tropelak Esloveniara egin du txangoa ostiral honetan, eta erabakigarria izan zitekeen Kolovraterako igoerari aurre egin behar izan diote, nahiz eta azkenerako ez duen ezer argitu.
Beste behin ere helmugara arte iritsi den ihesaldi bat izan da etapako protagonista, tartean Bouwman zela, lasterketako igotzaile onenaren elastikoa matematikoki bereganatzeko asmoz eta, bide batez, etaparen jokoan izateko. Asmo biak gauzatuta zeharkatu du helmugako marra; izan ere, dagoeneko inork ez dio maglia azzurra kenduko, eta Potenzan zazpigarren jardunaldian eskuratutako loria errepikatu du gaurkoan ere.
Mikel Landa (Bahrain-Victorious) izan da faboritoen artean gehien ahalegindu dena, Carapaz liderrari eta Jai Hindley australiarrari (BORA-hansgrohe) eraso eginez. Landak hirugarren jarraitzen du aldaketa handirik gabeko jardunaldi batean. Aitzitik, bere saiakerek ez dute ez dute fruiturik eman, eta ez da aldaketarik izan sailkapeneko lehen hiruren artean.
Larunbat honetan hogeigarren etapa jokatuko da, 168 kilometrokoa, Belluno eta Marmolada (Passo Fedaia) artean. Igotzaileek azken aukera izango dute euren helburuetara hurbiltzen saiatzeko, Giroaren aurtengo edizioa itxiko duen erlojupekoaren aurretik.
19. ETAPA
Etapako sailkapena:
1-. BOUWMAN Koen Jumbo-Visma 4:32:55
2-. SCHMID Mauro Quick-Step Alpha Vinyl Team 0:00
3-. TONELLI Alessandro Bardiani-CSF-Faizanè 0:03
4-. VALTER Attila Groupama - FDJ 0:06
5-. VENDRAME Andrea AG2R Citroën Team 0:10
6-. BAYER Tobias Alpecin-Fenix 2:45
7-. MARTIN Guillaume Cofidis 3:49
8-. CARAPAZ Richard INEOS Grenadiers 3:56
9-. HINDLEY Jai BORA - hansgrohe 3:56
10-. LANDA Mikel Bahrain - Victorious 3:56
Sailkapen nagusia:
1-. CARAPAZ Richard INEOS Grenadiers 81:18:12
2-. HINDLEY Jai BORA - hansgrohe +0:03
3-. LANDA Mikel Bahrain - Victorious +1:05
4-. NIBALI Vincenzo Astana Qazaqstan Team +5:53
5-. BILBAO Pello Bahrain - Victorious +6:22
6-. HIRT Jan Intermarché - Wanty - Gobert Matériaux +7:15
7-. BUCHMANN Emanuel BORA - hansgrohe +8:21
8-. POZZOVIVO Domenico Intermarché - Wanty - Gobert Matériaux +12:55
9 -.LÓPEZ Juan Pedro Trek - Segafredo +15:29
10-. CARTHY Hugh EF Education-EasyPost +17:10