2. etapa
Jonathan Milanek San Salvoko esprinta irabazi du, eta Evenepoelek Giroko lider jarraitzen du
EITB MEDIA
Bahrain-Victorious taldeko txirrindulari italiarra izan da azkarrena helmugan; etapa amaitzeko lau kilometro falta zirenean, erorikoa izan da, eta horrek azken emaitza baldintzatu du. Remco Evenepoelek ez du arazorik izan larunbatean lehen etapan erdietsitako maglia arrosari eusteko.
Bahrain-Victorious taldeko Jonathan Milan txirrindulari italiarrak irabazi du 2023ko Italiako Giroaren bigarren etapa, igandean, Arkeako David Dekker herbeheretarraren eta Arne Marit Intermarche taldeko belgikarraren aurretik. Milan izan da azkarrena San Salvoko helmugan; azken emaitza, baina, etapa amaitzeko lau kilometro falta zirenean izandako eroriko batek baldintzatu du. Etapa amaituta, Remco Evenepoel Soudal Quick-Step taldeko ziklista belgikarrak lasterketako lider bezala jarraitzen du, eta 22 segundoko aldea du Filippo Ganna italiarrarekiko (Ineos-Grenadiers) eta 29 segundokoa UAE Team Emirates taldeko Joao Almeidarekiko; Evenepoelek ez du arazo handirik izan maglia arrosari eusteko.
2023ko Giroaren bigarren etapa bost txirrindularik egindako ihesaldi batek animatu du: Paul Lapeira (AG2R Citroen), Thomas Champion (Cofidis), Davide Bais (Eolo Kometa), Stefano Gandin (Corratec) eta Alessandro Verre (Arkea Samsic) sei minutuko aldearekin ere ibili dira, baina tropelak une oro izan ditu kontrolpean. Helmugarako 35 kilometro falta zirenean harrapatu du tropelak ihesaldia; une horretan, esprinterrek lanean zituzten euren taldeak, etapako amaierara begira. Mads Pedersen (Trek-Segafredo), Kaden Groves (Alpecin-Deceuninck), Fernando Gaviria (Movistar), Mark Cavendish (Astana) eta Michael Matthews (Jayco) ziren garaipena eskuratzeko hautagai nagusiak.
Cavendishek eta Pedersenek, hala ere, ezin izan dira esprintean sartu; izan ere, lau kilometro baino gutxiago falta zirenean jazotako erorikoak aukerarik gabe utzi ditu. Jonathan Milanek nagusitasun handiz irabazi du esprinta; 22 urteko italiarrak argi menderatu ditu aurkari guztiak.
Sailkapen nagusian, ez da aldaketa nabarmenik izan; Ineos taldeko Tao Geoghegan Hartek, baina, 19 segundo galdu ditu, eta, beraz, Evenepoelekiko 59 segundora dago orain.
Astelehenean, 3. etapa jokatuko dute; 216 kilometro ditu, Vaston hasiko da eta Melfin amaitu, eta bi mendate puntuagarri izango dira, bata 3. mailakoa eta bestea 4.ekoa.
2. ETAPAKO SAILKAPENA
1. MILAN Jonathan (Bahrain) 04:55:11
2. DEKKER David (Arkea) d. b.
3. GROVES Kaden (Alpecin) d. b.
4. MARIT Arne (Intermarché) d. b.
5. MAYRHOFER Marius (DSM) d. b.
6. ACKERMANN Pascal (UAE) d. b.
7. GAVIRIA Fernando (Movistar) d. b.
8. BONIFAZIO Niccolò (Intermarché) d. b.
9. STEWART Jake (Groupama) d. b.
10.MATTHEWS Michael (Jayco) d. b.
SAILKAPEN NAGUSIA
1. EVENEPOEL Remco (Soudal) 05:16:19
2. GANNA Filippo (Ineos) +00:22
3. ALMEIDA Joao (UAE) +00:29
4. KUNG Stefan (Groupama) +00:43
5. ROGLIC Primoz (Jumbo) d. b.
6.THOMAS Geraint (Ineos) +00:55
7.VLASOV Aleksandr (BORA) d. b.
8. GEOGHEGAN HART Teo (Ineos) +00:59
9. MCNULTY Brandon (UAE) +01:00
10.VINE Jay (UAE) +01:05