GIROKO 5. ETAPA
Evenepoelek erorikoa izan du Giroko 5. etapan, baina onik itzuli da lasterketara
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Aske zebilen txakur bat errepidera atera da, eta Davide Balleriniren erorikoa eragin du. Ondoren, tropelaren beste alde batean, Belgikako txapelduna erori da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Remco Evenepoel belgikarra, Munduko txapelduna eta Giroko liderra asteartera arte, erori egin da Italiako lasterketako bosgarren etapa lehiatzen ari zela.
Aske zebilen txakur bat errepidera atera da, eta, horren eraginez, Davide Ballerini (Soudal) erori egin da tropelaren aurrealdean, ezkerreko partean. Ia berehala, Evenepoelen (Soudal) istripua etorri da, tropelaren eskuinaldean. Hori ere txakurraren ondorioz jazo da, itxura batean, baina telebistako emanaldiaren irudietan ez da argi ikusi.
Aipatu bi erorikoak Atripalda eta Salerno (171 kilometro) elkartzen dituen etapako 20. kilometroan gertatu dira.
2022ko Espainiako Vueltako irabazleak zenbait minutu eman ditu lurrean, eta apur bat minduta altxatu da. Jarraian, bizikleta aldatu du, eta maglia arrosa lortzeko faborito nagusiaren zain zegoen tropelean sartu da. Txirrindulariak berak keinu bat egin die lasterketako kamerei hatz lodiaz, ondo zegoela adierazteko.