Itxi

7. etapa

Davide Bais nagusitu da Gran Sasson, ihesaldi luzea burututa, eta Leknessundek lider jarraitzen du

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Eolo Kometa taldeko txirrindulari italiarra izan da azkarrena helmugan; Bais, Karel Vacek eta Simone Petilli ia etapa osoan izan dira lasterketa buruan. Egunak ez du aldaketa esanguratsurik utzi sailkapen nagusian, eta faboritoek ez diote elkarri eraso, tropelean.

Davide Bais izan da indartsuena Gran Sassoko etapan. Argazkia: EFE.

Eolo Kometa taldeko Davide Bais txirrindulari italiarrak irabazi du, ostiralean, 2023ko Italiako Giroaren zazpigarren etapa, Gran Sasson (1. mailako mendatea da hori), eta DSM taldeko Andreas Leknessund ziklista norvegiarrak sailkapen nagusiko lider jarraitzen du, zazpigarren etapa hori jokatuta. Baisek ihesaldi luze-luzea burutu du; izan ere, beste hiru txirrindularirekin ihes egin du, ibilbidearen lehen kilometroetan, eta horietako birekin iritsi da helmugara, hain zuzen Corratec taldeko Karel Vacek txekiarrarekin eta Simone Petilli Intermarcheko italiarrarekin. Baise, eguneko garailea erabaki duen esprintean, azkarrena izan da. Giroa irabazteko faborito nagusiek ez diote elkarri eraso, eta ez da mugimendu handirik izan tropelean, azken igoeran.

Pentsatzeko modukoa zen etapa garrantzitsua izan zitekeela, Giroaren sailkapen nagusiari begira, eta aurreikuspena zen lasterketa irabazteko hautagai nagusien arteko borroka estua egongo zela, baina ez da hori jazo. Bais, Vacek, Petilli eta Green Project taldeko Henok Mulubrhanek berehala osatu dute eguneko ihesaldia, eta laster hartu dute abantaila handia. Hamar minututik gorako aldea ere izan dute iheslariek, tarte luzeetan; ondo ulertu dute elkar, eta errelebo onak eman dizkiote elkarri, etapa bikaina egin dute. Soilik Mulubrhanek ezin izan du taldean jarraitu, eta Gran Sassoraino oraindik bide luzea falta zela geratu egin da.

Horrenbestez, lasterketako interesa buruan zegoen hirukotean izan da. Ematen zuen Simone Petillik zuela aukera handiagoa helmugan besoak altxatzeko, kontuan izanik gainerako biek baino eskarmentu handiagoa duela (30 urte ditu italiarrak), eta, gainera, WorldTeam mailako talde batean dabilela, beste biak ez bezala. Gran Sassoko azken tartean, Vacek sufritzen ari zen Baisen eta Petilliren erritmoari eusteko, baina txekiar gaztea aurretik sartu da azken kilometroan; Petillik jo du aurrera lehenengo, garaipenaren bila, baina Bais segituan jarri da haren parean, eta argi utzi du nor izango zen zazpigarren etapa honetako irabazlea.

Denbora sariak banatuta, atzean, faboritoen taldean, soilik azken esprintean ikusi dugu lehia. Remco Evenepoelek (Soudal Quick-Step) laugarren postua erdietsi du, eta Primoz Roglic (Jumbo-Visma) bosgarren sartu da. Groupama FDJ taldeko Thibaut Pinot sailkatu da seigarren.

Larunbatean, zortzigarren etapa jokatuko dute. Eguna Ternin hasi eta Fossombronen amaituko da, 207ko ibilbidea eginda. Azken zatia gorabeheratsua izango da, hasierakoa ez bezala; badirudi ihesaldiak izateko etapa izan litekeela, kontuan izanik, gainera, igandeko etapa oso garrantzitsua dela: aurtengo bigarren erlojupekoa egin beharko dute txirrindulariek egun horretan.

7. ETAPA

Etapako sailkapena

1 - BAIS Davide (EOLO) 6:08:40

2 - VACEK Karel (Corratec) +0:09

3 - PETILLI Simone (Intermarche) +0:16

4 - EVENEPOEL Remco (Soudal) +3:10

5 - ROGLIC Primož (Jumbo) d. b.

6 - PINOT Thibaut (Groupama) d. b.

7 - CHAMPION Thomas (Cofidis) d. b.

8 - ALMEIDA João (UAE) d. b.

9 - DUNBAR Eddie (Jayco) d. b.

10 - SCARONI Christian (Astana) d. b.

Sailkapen nagusia

1 - LEKNESSUND Andreas (DSM) 22:50:48

2 - EVENEPOEL Remco (Soudal) +0:28

3 - PARET-PEINTRE Aurelien (AG2R) +0:30

4 - ALMEIDA João (UAE) +1:00

5 - ROGLIC Primož (Jumbo) +1:12

6 - THOMAS Geraint (INEOS) +1:26

7 - VLASOV Aleksandr (BORA) d. b.

8 - GEOGHEGAN HART Tao (INEOS) +1:30

9 - KÄMNA Lennard (BORA) +1:54

10 - CARUSO Damiano (Bahrain) +1:59

Albisteak (7)

Bideoak (1)