Ezustekoa
Remco Evenepoelek Italiako Giroa utzi du, Covid-19an positibo eman ostean
EITB MEDIA
Belgikarrak igande honetan bertan berreskuratu du liderrraren jertse arrosa, erlojupekoa segundo bakar bategaitik irabazi ostean. Geraint Thomas izango da orain lasterketako liderra. Rigoberto Uranek ere lasterketa utzi du Covid-19agatik.
Remco Eveneporl Soudal Quick-Step taldeko txirrindulariak eta Italiako Giroko liderrak lasterketa utzi duela iragarri du, Covid-19an positibo eman duelako. Evenepoelek lidergoa berreskuratu du igandeko erlojupekoa irabazi ostean.
"Bihotzeko min handiz iragarri behar dut Italiako Giroa utzi behar dudala Covid-19aren ondorioz. Ohiko proba bat egin didate, eta, zoritxarrez, positibo atera da", esan du txirrindulariak.
Igandean, Savignano sul Rubicone eta Cesena artean jokatutako 35 kilometroko erlojupekoa irabazi arren, 23 urteko belgikarrak ezingo du maglia arrosaren bila borrokan jarraitu.
"Esperientzia berezia izan da, eta hurrengo bi asteetan lehiatzeko gogo izugarria nuen. Eskerrak eman nahi dizkiet Giroa prestatzen aritu diren langileei eta txirrindulariei. Bi etapa garaipen eta lau jertse arrosa lortu ditut aurten, eta oso harro nago", gaineratu du Evenepoelek.
Soudal Quick-Step taldeak iragarri duenez, gainerako taldekideei ere probak egin dizkiete, eta taldeko beste inork ez du positiborik eman.
Rigoberto Uranek ere utzi du lasterketa
EF taldeko kolonbiarrak ere Italiako Giroa utzi duela iragarri du sare sozialetan, Covid-19an positibo eman baitu. Igandeko erlojuaren kontrako saioaren ostean, Uranek sintomak antzeman ditu, eta proba egin diote. Proba horietan positibo eman du. Ondorioz, lasterketa utzi du, eta orain "atseden hartzeko denbora" hartuko duela esan du.
— Remco Evenepoel (@EvenepoelRemco) May 14, 2023