Maiatzak 21, igandea
Italiako Giroaren 15. etaparen profila eta ibilbidea: Seregno-Bergamo (195 kilometro)
EITB MEDIA
Txirrindulariek lau mendate igo beharko dituzte; horietako bat 1. mailakoa da, Valico de Valcava, eta hiru 2. mailakoak, azkena helmugarako 30 kilometrora. Jardunaldi gogorra, beraz, bigarren eta azken atseden egunaren bezperan.
2023ko Italiako Giroaren hamabosgarren etapa maiatzaren 21ean jokatuko dute, igandean; 195 kilometroko ibilbidea du, Seregnon hasiko da, eta Bergamon amaitu. Etapa zaila da; izan ere, txirrindulariek Mendiko Sailkapenerako puntuagarriak diren lau mendate igo beharko dituzte. Horietako hiru 2. mailakoak dira, eta helmugatik gertuen dagoenak, Roncola Altak, gaina du amaierarako 30 bat kilometro geratzen direla; hori bai, lehenik eta behin, 46. kilometroan, 1. mailako mendate bat gainditu beharko dute parte hartzaileek, Valico di Valcava.
Hortaz, jardunaldi garrantzitsua da, lasterketako bigarren atseden egunaren bezperan. Gainera, kontuan izan behar da oraindik hirugarren astea osorik egin beharko dutela ziklistek, eta zenbait etapa oso gogor izango direla azken egun horietan.
Esan bezala, hamabosgarren etapako mendaterik gogorrena lehen 50 kilometroak egin aurretik izango da, alegia, Valico di Valcava, 1. mailakoa. 2. mailako Selvino dator jarraian, 98. kilometroan, eta Miragolo San Salvatore (2. maila) 111. kilometroan amaituko dira igotzen, handik gutxira. Roncola Altako igoeran lehia handia egon liteke, kontuan izanik gaina ez duela Bergamoko helmugatik urrun.
Lasterketa zuzen-zuzenean ikusi ahalko da EITBn, ondorengo ordutegietan: eitb.eus-en, etapa oso-osorik ikusteko aukera izango da, 12:20tik aurrera; ETB4k 14:00etatik 15:10era egingo du bat seinalearekin, eta, ohi legez, telebistako emanaldiak ETB1en jarraituko du 15:10etik etapa amaitu arte.
Ikusi 14. etaparen profila | Ikusi 16. etaparen profila
------------------------------------------------------
FITXA TEKNIKOA:
Etapa: 15. etapa (maiatzak 21)
Ibilbidea: Seregno – Bergamo
Distantzia: 195 km
Goranzko desnibel metatua: 3.600 m
Hasiera-ordua: 11:55
Amaiera-ordua: 16:53 (39 km/h) | 17:12 (37 km/h) | 17:33 (35 km/h).
Mendiko saria: Valico di Valcava (1. mailakoa), 46,4. kilometroan; Selvino (2. mailakoa), 98,6. kilometroan; Miragolo San Salvatore (2. mailakoa), 111,3. kilometroan; Roncola Alta (2. mailakoa), 164,4. kilometroan.