Kargatzen...
Itxi

16. etapa

Almeida nagusitu da Giroko 16. etapan, eta Thomasek jantzi du liderraren maglia arrosa

A. B. E. | EITB Media

Leer en Castellano

Joao Almeidak bereganatu du garaipena 2023ko Italiako Giroko 16. etapan, Geraint Thomasekin batera helduta azken metroetara, eta bien arteko esprintean nagusituta. Roglic izan da hirugarren, 25 segundora. Orain, Thomas da sailkapen nagusiko liderra.

Joao Almeida, 16. etapako garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Joao Almeidak (UAE Emirates) irabazi du 2023ko Italiako Giroko 16. etapa astearte honetan, maiatzaren 23an, Monte Bondone mendateko helmugara Geraint Thomasekin batera iritsita eta galestarra gaindituta bien arteko esprintean. Primoz Roglic (Jumbo Visma) hirugarren izan da, 25 segundora.

Beraz, orain, Geraint Thomas da sailkapen nagusiko liderra; 18 segundo ateratzen dizkio Joao Almeida bigarrenari eta 29 segundo Roglic hirugarren sailkatuari. Laugarren postuan dago Damiano Caruso (Bahrain Victorious) liderrarekiko 2 minutu eta 50 segundora eta Eddie Dunbar (Jayco AlUla) dago bosgarren 3 minutu eta 3 segundora.

Sabbio Chiese eta Monte Bondone (203 km) arteko lehen kilometroak gainditu ostean, 26 txirrindularik osatu dute eguneko ihesaldia, eta hauxek izan dira tropeletik jauzi egin dutenak: Aurelien eta Valentin Paret-Peintre (AG2R Citroën), Christian Scaroni, Vadim Pronskiy (Astana Qazaqstan), Cesare Benedetti, Patrick Konrad (Bora-hansgrohe), Jack Haig, Jonathan Milan (Bahrain Victorious), Thomas Champion, Jonathan Lastra (Cofidis), Ben Healy (EF Education-EasyPost), Mattia Bais (Eolo-Kometa), Davide Gabburo, Filippo Magli, Martin Marcellusi, Alessandro Tonelli (Green Project-Bardiani CSF-Faizane), Salvatore Puccio, Ben Swift (Ineos Grenadiers), Derek Gee (Israel-Premier Tech), Carlos Verona (Movistar), Michael Hepburn, Filippo Zana (Jayco AlUla), Nicolas Dalla Valle, Veljko Stojnic (Team Corratec-Selle Italia), Toms Skujinš (Trek-Segafredo) eta Diego Ulissi (UAE Team Emirates).

Helmugarako 100 kilometro falta zirenean ihesaldiko taldean erasoa jo du Benedettik, eta aurrera egin du berak bakarrik, baina ez du asko iraun lasterketa buruan. Ondoren, Astana taldeko Pronsliyk eta Scaronik egin dute aurrera; biek ala biek zuloa ireki dute iheskideekiko, nahiz eta harrapatu egin dituzten helmugarako 52 kilometro falta zirenean. Orduan, 12 txirrindulariko taldea geratu da lasterketa buruan. Han izan dira: Aurelien eta Valentin Paret-Peintre, Vadim Pronskiy, Patrick Konrad, Jack Haig, Jonathan Lastra, Ben Healy, Ben Swift, Derek Gee, Carlos Verona, Filippo Zana eta Diego Ulissi.

Monte Bondonen gora zortzikote batek hartu du lasterketa burua. Aurrera egin dute Aurelien Paret-Peintrek, Pronskiyk, Haigek, Konradek, Swiftek, Veronak, Zanak eta Ulissik; baina, tropelarekiko abantaila gero eta txikiagoa izan dute. Jumbo Vismak jarri du erritmoa tropelean, geroago UAE Emirates, eta ihesaldia harrapatu egin dute amaierara heltzeko 8,5 kilometro falta zirenean.

Ihesaldia behera bota ostean, lasterketa buruan geratu dira Geraint Thomas, Sep Kuujs, Primoz Roglic, Joao Almeida, Filippo Zana eta Eddie Dunbar. Zanak Dunbarrentzat lan egin eta atzean geratu da. Beraz, Giroa irabazteko faborito nagusiek lasterketa buruan ekin diote azken txanpari.

Almeidak piztu du sua helmugarako 6 kilometro falta zirenean, baina Kuujsek itxi egin du portugaldarrak irekitako zuloa. Hala ere, Thomasek erritmoa bizitu du eta aurrera joan da Almeidarekin batera; Roglicek metro batzuk galdu ditu, eta atzean geratu da Kuujs taldekidearekin eta Dunbarrekin batera. Pixkanaka-pixkanaka, abantaila handitzen joan dira Thomas eta Almeida; Roglic ahalik eta denbora gutxien galtzen saiatu da.

Azkenean, Almeida nagusitu da esprintean, Thomas bigarren izan da eta Roglic lehen biekiko 25 segundora helmugaratu da, hirugarren postuan.

16. etapako sailkapena

1 - ALMEIDA João (UAE) 5:53:27

2 - THOMAS Geraint (INEOS) d.b.

3 - ROGLIC Primož (Jumbo) +0:25

4 - DUNBAR Eddie (Jayco AlUl d.b.

5 - KUSS Sepp (Jumbo) +1:03

6 - VAN WILDER Ilan (Soudal) +1:16

7 - CARUSO Damiano (Bahrain) d.b.

8 - RUBIO Einer Augusto (Movistar) d.b.

9 - DE PLUS Laurens (INEOS) d.b.

10 - ARENSMAN Thymen (INEOS) d.b.


Sailkapen nagusia

1 - THOMAS Geraint INEOS Grenadiers 67:32:35

2 - ALMEIDA João UAE Team Emirates +0:18

3 - ROGLIC Primož Jumbo-Visma +0:29

4 - CARUSO Damiano Bahrain - Victorious +2:50

5 - DUNBAR Eddie Team Jayco AlUla +3:03

6 - KÄMNA Lennard BORA - hansgrohe +3:20

7 - ARMIRAIL Bruno Groupama - FDJ +3:22

8 - LEKNESSUND Andreas Team DSM +3:30

9 - ARENSMAN Thymen INEOS Grenadiers +4:09

10 - DE PLUS Laurens INEOS Grenadiers +4:32

Albisteak (4)

Bideoak (1)