Maiatzean
Tadej Pogacarrek 2024ko Giroan parte hartuko du
Agentziak | EITB Media
Antolatzaileek ezustean iragarri dute X (lehengo Twitter) bidez. Esloveniarrak lehen aldiz korrituko du Italiako lasterketa handia.
Tadej Pogacar Frantziako Tourra birritan irabazi duen txapeldunak lehen aldiz parte hartuko du Italiako Giroan, lasterketako antolatzaileek ezustean iragarri dutenaren arabera. Pogacarren parte-hartzearen inguruan zalantza asko izan dira, 2024an Parisen Olinpiar Jokoak jokatuko direlako.
Horrela, UAE taldeko txirrindularia, munduko sailkapeneko lehenengoa, Torinoko irteeran izango da maiatzaren 4an.
Giroaren 107. edizioa maiatzaren 26an amaituko da, Erroman, Frantziako Tourra hasi baino hilabete lehenago. Pogacarrek ez du iragarri oraindik Tourrean parte hartuko duen ala ez.
Pogacarrek bere ibilbide profesionaleko lehen Giroa korrituko du, lehiatzeko falta zaion lasterketa handi bakarra. Esloveniarra lau aldiz lehiatu da Frantziako Tourrean (2020-2023) eta behin Espainiako Vueltan (2019).
Giroa eta Tourra, urte berean?
Pogacarrek aukera du, beraz, Giroan eta Tourrean aritzeko. Giroaren aurtengo edizioaren ibilbideak 10.000 metroko desnibela izango du.
Giroa eta Tourra urte berean egiten baditu, Pogacar izango da Italiako lasterketa irabazteko faborito nagusia. Marco Pantanik lortu zuen balentria hori azkenengoz, 1998. urtean.