Ostirala, maiatzak 17
Italiako Giroko 13. etaparen ibilbidea, profila eta ordutegia: Riccione-Cento (179 km)
EITB MEDIA
Etapa laua da, Emilia-Romañan barrena ibiliko baitira txirrindulariak. Esprinterrentzat egun aproposa da, garaipena lortzeko aukera izan baitezakete.
Italiako Giroko 107. edizioko 13. etapa maiatzaren 17an izango da, ostiralean. Riccionen abiatu eta Centon bukatuta, 179 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek, Emilia-Romaña lautadan. 13:10ean hasiko da etapa, eta 17:04 eta 17:26 artean amaitzea aurreikusi du antolakuntzak.
Ibilbide laua izanik, esprinterrek agendan gorriz markatutako jardunaldia da. Ez dago Mendiko Sari Nagusirako puntuagarria den igoerarik. Asteburu erabakigarria izan daiteke. Batetik, larunbatean Desenzano del Gardan bukatuko den 31,2 kilometroko erlojupekoa izango da; bestetik, igandean, Livigno lehen mailako mendatea izango dute helmugan, jardunaldi gogor baten ostean.
Hori dela eta, 13. etapa esprintean erabakitzea espero den arren, baliteke abenturazaleren batek ihes eginez irabazten ahalegintzea. Horretarako bidea izango dute Emilia-Romañan.
Etapa zuzenean ikusteko aukera eskainiko du EITBk. Eitb.eus-en, 12:50ean hasita, lasterketa osorik; ETB1ek, ordea, 15:00etatik aurrera egingo du bat etaparekin.
ETAPAREN PROFILA
FITXA TEKNIKOA
Etapa: 13. etapa (maiatzak 17)
Ibilbidea: Riccione-Cento
Distantzia: 179 km
Goranzko desnibel metatua: 150 m
Hasiera-ordua: 13:10
Amaiera-ordua: 17:04 (46 km/h) | 17:15 (44 km/h) | 17:26 (42 km/h)
Mendiko Saria: ez dago
AZKEN KILOMETROAK