Maiatzak 19, igandea
Italiako Giroko 15. etaparen profila, ibilbidea eta ordutegia: Manerba del Garda-Livigno (222 km)
EITB MEDIA
Bost mendate puntuagarri dituzte igande honetan, eta horietatik hiru (Mortirolo, tartean), lehen mailakoak. Azken zati oso gogorra izateaz gain, Giroaren edizio honetako etaparik luzeena da. Lasterketako 15. etapa hau ikusgarria izatea espero da.
Bost mendate puntuagarri igo beharko dituzte txirrindulariak maiatzaren 19ko etapan. 222 kilometroko ibilbidean, lehen mailako hiru mendate igo beharko dituzte. Mortirolo da horietako bat, eta amaieran Mottolino aurkituko dute, igoera laburra baina gogorra duen mendatea. Goi-mailako txirrindularitzaz gozatzeko egun aparta izango da igandekoa. Manerba del Gardatik 10:40an aterako da tropela, eta irabazlea 16:47 eta 17:40 artean helduko da helmugara, aurreikuspenen arabera.
Antolatzaileek emandako azalpenen arabera, lehen mendatea 37,7. kilometroan dago: Lodrino (3. mailakoa). Ondoren, 64,7. kilometroan, Colle San Zenotik igo beharko dute; 13,9 kilometroko igoera duen 2. mailako mendate honek batez beste % 6,6ko aldapak ditu, eta % 14koak ere badaude tarte batzuetan.
Eguneko hirugarren mendatea, Giroko mendate mitikoetako bat, Mortirolo, 155,4. kilometroan helduko da. Lehen mailako mendate honek 12,6 kilometroko igoera eta batez beste % 7,6ko maldak ditu, baina % 16ko aldapak ere badaude bertan. Mortirolotik lehen tokian pasatzea ohorea denez txirrindularientzat, interesgune aparta da.
Hortik helmugara, beste bi mendate aurkituko dituzte: Passo di Foscagno, helmugatik bederatzi kilometrora dagoen 15 kilometroko igoera, batez beste % 6,4ko maldak eta tarteren batean % 11koak dituena, eta Mottolino (Livignon), mendate motza (4,7 kilometro) baina oso gogorra, batez beste % 7ko aldapak baina tarteka % 19koak ere badituena.
Horrenbestez, etapa erabakigarria eta oso erakargarria da, eta EITBn zuzenean ikusteko aukera izango da. eitb.eus-en, osorik ikus daiteke, 10:15etik aurrera, eta ETB1en, 15:00etatik aurrera.
ETAPAREN PROFILA
FITXA TEKNIKOA
Etapa: 15. etapa (maiatzak 19)
Ibilbidea: Manerba del Garda - Livigno (Mottolino)
Distantzia: 222 km
Goranzko desnibel metatua: 5.400 m
Hasiera-ordua: 10:40
Iritsiera-ordua: 16:47 (36 km/h) | 17:12 (34 km/h) | 17:40 (32 km/h).
Mendiko Saria: Lodrino (3. mailakoa), 37,7. kilometroan; Colle San Zeno (2. mailakoa), 64,7. kilometroan; Passo del Mortirolo (1. mailakoa), 155,4. kilometroan; Passo di Foscagno (1. mailakoa), 213,3. kilometroan; Livigno (Mottolino) (1. mailakoa), 222. kilometroan.
AZKEN KILOMETROA