Itxi

12. etapa

Alaphilippek 2024ko Giroan orain arte egindako lanaren saria jaso du; Pogacarrek lider jarraitzen du

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Soudal Quick-Step taldeko txirrindulari frantziarra, ia 32 urtekoa bera, bere kirol ibilbidean aurrenekoz dabil Italiako Giroan; hiru etapetan garaipena gertu izan eta gero, laugarrenean gauzatu du helburua, azkenean. Sailkapen nagusian, ez da nabarmentzeko moduko aldaketarik izan.

Fanon lortutako garaipena zenbatuta, Alaphilippek hiru itzuli handietan du etapa irabazita (EFE).

Soudal Quick-Step taldeko Julian Alaphilippe txirrindulari frantziarrak irabazi du, ostegunean, 2024ko Italiako Giroaren hamabigarren etapa, Fano hirian, bakarka, eguneko ihesaldian berarekin batera izan diren gainerako ziklista guztiak atzean utzita. Sailkapen nagusian, Tadej Pogacarrek (UAE Emirates) lider bezala jarraitzen du; etapak ez du ekarri aldaketa esanguratsurik txirrindulari esloveniarra aurreneko postuan duen sailkapen nagusi horretan.

Alaphilippek palmares bikaina du, eta garaipen honek gogora ekarri du zein ondo zebilen bere kirol ibilbideko urterik onenetan. Bi aldiz du irabazita errepideko Munduko Txapelketa, 2020an eta 2021ean, eta, Giroan erdietsitakoa zenbatuta, badu gutxienez etapa bat poltsikoratuta hiru itzuli handietan, alegia, Espainiako Vueltan, Frantziako Tourrean eta Italiako Giroan. Etengabe borrokan dabil Giroko 107. ekitaldian, eta argi merezi zuen gailentzea. Helmugarako hamaika kilometro gelditzen zirela, Monte Gioveko aldapa labur baina gogorretan, Polti Kometa taldeko Mirco Maestri utzi du atzean; biak ala biak zihoazen lasterketa buruan, baina handik aurrera Alaphilippe geratu da aurreneko postuan, eta ezin hobeto moldatu da azken kilometro horietan.

2024ko Giroak, ostiralean, hamahirugarren etapa jokatuko du. 179 kilometroko ibilbidea du, Riccionen hasiko da eta Centon amaitu, eta laua da. Emilia-Romañan barrena ibiliko dira txirrindulariak, eta esprinterrentzat egun aproposa da, garaipena lortzeko aukera izan baitezakete.

Etapako sailkapena

1 - ALAPHILIPPE Julian (Soudal) 4:07:44

2 - NARVÁEZ Jhonatan (INEOS) + 0:31

3 - HERMANS Quinten (Alpecin) + 0:32

4 - VALGREN Michael (EF Education) + 0:43

5 - SCARONI Christian (Astana) d. b.

6 - TRENTIN Matteo (Tudor) + 1:30

7 - CLARKE Simon (Israel) d. b.

8 - LEEMREIZE Gijs (DSM) d. b.

9 - MAESTRI Mirco (Polti) d. b.

10 - THOMAS Benjamin (Cofidis) d. b.

Sailkapen nagusia

1 - POGACAR Tadej (UAE) 45:22:35

2 - MARTINEZ Daniel Felipe (BORA) + 2:40

3 - THOMAS Geraint (INEOS) + 2:56

4 - O'CONNOR Ben (Decathlon) + 3:39

5 - TIBERI Antonio (Bahrain) + 4:27

6 - BARDET Romain (DSM) + 4:57

7 - FORTUNATO Lorenzo (Astana) + 5:19

8 - ZANA Filippo (Jayco) + 5:23

9 - RUBIO Einer (Movistar) + 5:28

10 - ARENSMAN Thymen (INEOS) + 5:52

Albisteak (7)

Bideoak (1)