Itxi

Asteartea, maiatzak 21

Italiako Giroko 16. etaparen ibilbidea, profila eta ordutegia: Livigno-Santa Cristina Val Gardena (206 km)

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bigarren eta azken atseden egunaren ostean, Italiako Giroak goi-mendiko etapa batekin berrekingo dio lehiari astearte honetan, Dolomitetan. 206 kilometroko ibilbidean, edizio honetako mendate garaiena (Cima Coppi) igotzeaz gain, Santa Cristina Val Gardena 2. mailako mendatean amaituko dute.

Italiako Giroko 16. etaparen profila. Irudia: giroditalia.it

2024ko Italiako Giroko hamaiseigarren etapa maiatzaren 21ean, asteartean, izango da. Livignon hasi eta Santa Cristina Val Gardena amaituta, 206 kilometro egin beharko dituzte. Txirrindulariak 11:30ean hasiko dira lanean, eta irabazlea 16:45 eta 17:38 artean iristea aurreikusi du antolakuntzak. Italiako Giroko 107. edizioko hirugarren eta azken astea abiatuko dute etapa horrekin. Batetik, Giogo de Santa Maria aurtengo mendate garaiena (Cima Coppi) gainditu beharko dute; bestetik, Passo Pinei lehen mailako mendatea eta Santa Cristina Val Gardena (bigarren mailakoa), helmugan.

Dolomiten txanda iritsi denez, zaleek mendietako ikuskizunaz gozatu ahal izango dute, hainbat eta hainbat edizio erabaki dituen parajeetan. Cima Coppi irabaztea oso garrantzitsua da urtetik urtera; 1965az gero, Giroak Fausto Coppi mitikoa omentzen du, edizioko etapa garaienari izena emanez. Historian zehar, txirrindulari euskaldun batzuk lortu dute garaipen hori: Paco Galdosek, Andres Gandariasek, Marino Lejarretak, Miguel Indurainek, Juanma Garatek eta, bi aldiz, Mikel Landak. 50,2. kilometroan jakingo dugu 2024koan nor izango den nagusi. Giogo di Santa Maria 2498 metrotara dago, 16,7 kilometroko igoeraren ostean, batez beste % 7,1eko maldekin. Tarteka, %15eko aldaparen bat ere badago.  

Suitzan sartuko da etapa kilometro batzuetan, baina emozio guztia amaierarako espero da. 194. kilometroan dago Pinei gaina, lehen mailakoa; batez beste %6,1eko aldapekin (%15eko tarteren batekin). Helmugan, Santa Cristina Val Gardena gaina izango dute, bigarren mailakoa. Horien aurretik, puntuagarria ez den arren, 23,3 kilometroko igoera bati aurre egin beharko die tropelak, batez beste %4,7ko gorabeherekin, baita %15eko aldapak ere. Horra iritsita, 30 bat kilometro geratuko dira etapa bukaerara.

Ikusi etaparen emozio guztia, EITBren zuzeneko emanaldian: eitb.eus-en, 11:15etik aurrera, eta ETB4n, ordea, 13:15ean. ETB1ek 15:00etan hartuko du lekukoa.

ETAPAREN PROFILA

Italiako Giroko 16. etaparen profila. Irudia: giroditalia.it

FITXA TEKNIKOA

Etapa: 16. etapa (maiatzak 21)

Ibilbidea: Livigno-Santa Cristina Val Gardena – St- Christina In Gröden (Monte Pana)

Distantzia: 206 km

Goranzko desnibel metatua: 4.350 m

Hasiera-ordua: 11:30

Amaiera-ordua: 16:56 (38 km/h) | 17:14 (36 km/h) | 17:38 (34 km/h).

Mendiko Saria: Giogo di Santa Maria (Cima Coppi), 50,2. kilometroan; Passo Pinei (2. mailakoa), 194. kilometroan; Santa Cristina Val Gardena (2. mailakoa), 206. kilometroan

AZKEN KILOMETROAK

Italiako Giroko 16. etaparen azken kilometroak

Albisteak (4)