Itxi

17. etapa

Steinhauserrek bikain lortu du bere lehen garaipena, Broconen, eta Pogacarrek 24 segundo gehiago erdietsi ditu

EITB MEDIA

Leer en Castellano

EF Education taldeko txirrindulari alemaniarrak, 21 urtekoa bera, 2024ko Italiako Giroaren hamazazpigarren etapa irabazi du, bakarka, erakustaldia emanda. Atzetik, lasterketako liderra bigarren helmugaratu da, eta are gehiago handitu du sailkapen nagusian duen aldea.

Georg Steinhauserrek garaipen ederra lortuta estreinatu du bere palmares profesionala. Argazkia: EFE

EF Education taldeko Georg Steinhauser txirrindulari alemaniarrak irabazi du, asteazkenean, 2024ko Italiako Giroaren hamazazpigarren etapa, 1. mailako Passo Brocon mendatean; halaber, Tadej Pogacar UAE Emirates taldeko ziklista esloveniarrak, etapan bigarren sailkatua bera, sailkapen nagusiko lider jarraitzen du, eta 24 segundotan handitu du sailkapen nagusi horretako aurreneko postuetan gizon batzuekiko duen aldea.

Steinhauserrek erakustaldia egin du, garaipena erdiesteko. Lasterketa burura iritsi denean, ia 50 kilometro gelditzen ziren, amaierarako. Amanuel Ghebreigzabhier harrapatu du, orduan; Lidl-Trek taldeko ziklista zihoan aurreneko postuan, baina, lehenago, hamar gizonek osatutako multzo bat izan da aurretik, tartean Julian Alaphilippe eta Giulio Pellizzari, besteak beste. Etapako irabazleak oraindik 34 kilometro gelditzen zirela utzi du atzean Ghebreigzabhier, eta indarrak izan ditu, bakarka, garaipen bikaina lortzeko.

Aurtengo etapa nagusian, aurreko igandean, Mottolinon, Steinhauserrek erakutsi zuen sasoi betean dabilela, eta txirrindulari ausarta dela, gainera. Tobias Steinhauser haren aitak hainbat denboraldi eman zituen ziklista profesional bezala, eta osaba oso famatua du, Jan Ulrich 1997ko Frantziako Tourraren garaile, hain zuzen ere. Pentsatzeko modukoa da EF Education taldeko alemaniarrak ibilbide oparoa egingo duela, berresten ari denez.

Azken egunotan mendateak izan dira protagonistak Giroan, baina ostegunean esprinterrek aukera ona dute garaipena eskuratzen saiatzeko, lasterketako hamazortzigarren etapan. Fiera di Primieron hasi eta Paduan amaituko da, eta 178 kilometroko ibilbidea du; profil laua dauka, eta baliteke horrek ekartzea irabazlea esprint nagusian erabakitzea.

Etapako sailkapena

1- STEINHAUSER Georg (EF Education) 4:28:51

2 - POGACAR Tadej (UAE) + 1:28

3 - TIBERI Antonio (Bahrain) + 1:42

4 - THOMAS Geraint (INEOS) d. b.

5 - MARTINEZ Daniel Felipe (BORA) d. b.

6 - RUBIO Einer (Movistar) d. b.

7 - BARDET Romain (DSM) d. b.

8 - ARENSMAN Thymen (INEOS) + 1:55

9 - HIRT Jan (Soudal) d. b.

10 - MAJKA Rafal (UAE) d. b.

Sailkapen nagusia

1 - POGACAR Tadej (UAE) 63:31:18

2 - MARTINEZ Daniel Felipe (BORA) + 7:42

3 - THOMAS Geraint (INEOS) + 8:04

4 - O'CONNOR Ben (Decathlon) + 9:47

5 - TIBERI Antonio (Bahrain) + 10:29

6 - ARENSMAN Thymen (INEOS) + 11:10

7 - BARDET Romain (DSM) + 12:42

8 - RUBIO Einer (Movistar) + 13:33

9 - ZANA Filippo (Jayco) + 13:52

10 - HIRT Jan Soudal (Soudal) + 14:44

Albisteak (5)

Bideoak (1)