18. etapa
Merlierrek Milan menderatu du Paduako esprintean, eta bigarren etapa garaipena lortu du 2024ko Giroan
EITB MEDIA
Soudal Quick-Step taldeko txirrindulari belgikarra izan da azkarrena Italiako Giroaren hamazortzigarren etapako azken metroetan, eta Lidl-Trekeko ziklista, puntutako sailkapeneko liderra bera, bigarren sailkatu da. Sailkapen nagusian, ez da aldaketarik izan, eta Pogacarrek maglia arrosari eutsi dio.
Tim Merlier Soudal Quick-Step taldeko txirrindulari belgikarrak irabazi du, ostegunean, 2024ko Italiako Giroaren hamazortzigarren etapa, esprintean, Paduan, puntukako sailkapenean lider dabilen Jonathan Milan (Lidl-Trek) italiarra mendean hartuta. Jardunaldiak ez du aldaketa esanguratsurik ekarri sailkapen nagusian, eta Tadej Pogacarrek (UAE Emirates) aurreneko postuan jarraitzen du.
Etaparen profila ikusita, aurreikuspena zen esprinta izan zitekeela, eta gauzatu egin da hori. Bost txirrindulari, Mirco Maestri eta Andrea Pietrobon (Polti), Filippo Fiorelli (Bardiani), Mikkel Frolich Honore (EF Education) eta Edoardo Affini (Visma), eguneko ihesaldian sartu dira; amaierarako hamar kilometro gelditzen zirela harrapatu dituzte, ez aurretik, baina tropelak une oro izan ditu kontrolpean.
Lidl eta Soudal taldeek esprinta ziurtatu nahi zuten, Jonathan Milanek eta Tim Merlierrek garaipena lehia zezaten, eta lortu egin dute helburua. Azken kilometroan, Milan, maglia ciclaminoren jabea bera, itxita gelditu da multzoan, eta ematen zuen ez zuela aukerarik izango; baina erakutsi du indarra eta abilezia dituela, eta, azken metroetan sartuta, bazirudien poltsikoratu egingo zuela garaipena. Tim Merlierrek, baina, gainditu egin du, eskuinaldetik, eta irabazle gisa igo da Paduako podiumera.
Ostiralean, 2024ko Italiako Giroaren hemeretzigarren etapa jokatuko dute. Morteglianon hasi eta Sappadan amaituko da, eta 157 kilometroko ibilbidea izango du. Jardunaldiko bigarren zatian, hiru mendate igo beharko dituzte txirrindulariek, horietako bi 2. mailakoak.
Etapako sailkapena
1 - MERLIER Tim (Soudal) 3:45:44
2 - MILAN Jonathan (Lidl) d. b.
3 - GROVES Kaden (Alpecin) d. b.
4 - DAINESE Alberto (Tudor) d. b.
5 - ANIOLKOWSKI Stanislaw (Cofidis) d. b.
6 - GAVIRIA Fernando (Movistar) d. b.
7 - MIHKELS Madis (Intermarche) d. b.
8 - EWAN Caleb (Jayco) d. b.
9 - BALLERINI Davide (Astana) d. b.
10 - MOLANO Juan Sebastian (UAE) d. b.
Sailkapen nagusia
1 - POGACAR Tadej (UAE) 67:17:02
2 - MARTINEZ Daniel Felipe (BORA) + 7:42
3 - THOMAS Geraint (INEOS) + 8:04
4 - O'CONNOR Ben (Decathlon) + 9:47
5 - TIBERI Antonio (Bahrain) + 10:29
6 - ARENSMAN Thymen (INEOS) + 11:10
7 - BARDET Romain (DSM) + 12:42
8 - RUBIO Einer (Movistar) + 13:33
9 - ZANA Filippo (Jayco) + 13:52
10 - HIRT Jan Soudal (Soudal) + 14:44