Itxi

MAIATZAK 14, IGANDEA

Itzulia Women 2023: 3. etaparen profila, ibilbidea eta ordutegia (Donostia-Donostia, 114,8 km)

J. E. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Itzuliaren hirugarren eta azken etapak Donostiako Klasikoaren ibilbidea du. Hiru mendate puntuagarri igo beharko dituzte, tartean 1. mailako Jaizkibel eta 2. mailako Mendizorrotz. Gipuzkoako hiriburuan argituko da nor den Itzulia Women lasterketaren bigarren edizioaren irabazlea.

Itzulia Women 2023ko 3. etaparen profila. Argazkia: Itzulia.

Maiatzaren 14an, txirrindularitza jarraitzen duten Euskal Herriko zaleek egun handia izango dute; izan ere, Itzulia Women 2023 lasterketak azken etapa jokatuko du, hirugarrena, ziurrenik erabakigarriena. Txirrindulariek Donostiako Klasikoaren ibilbidea egingo dute; 114,8 kilometro izango ditu etapak, eta guztira hiru mendate puntuagarri igo beharko ditu tropelak. Jaizkibel da horietako bat, 1. mailakoa, eta Mendizorrotz azkena, 2. mailakoa, baina aldapa biziki gogorrak ditu. Eguna Donostian hasiko da, eta bertan ere amaitu.

Gipuzkoako hiriburutik Hernanira joango da lasterketa, Oiartzunen izango da gero, eta Errenterian, jarraian. Segituan, Jaizkibel igo beharko du tropelak; 42,6 kilometroan aurkituko dute 1. mailako mendatea, 7,9 kilometroko igoera eta, batez beste, % 5,6 maldak dituena.

Irunen izango da Itzulia gero, eta, ondoren, Gurutze mendateari helduko diote txirrindulariek; 3. mailakoa da, eta 2,7 kilometro ditu, % 5,2ko maldekin. Donostian, 75,4. kilometroan, esprint berezia jokatuko dute, eta hortik gutxira, 86,2. kilometroan, Mendizorrotz 2. mailako mendatea izango dute: 4,1 kilometroko mendatea da, batez beste % 7,3ko aldapak dituena, baina tarte oso gogorrak ditu.

Azken igoera hori burututa, helmuga 30 kilometrora izango dute ziklistek. Usurbilen, 102,9 kilometroan, Itzuliaren azken esprint berezia jokatuko dute, helmugarako 12 kilometro eskas geratzen direnean. Laster izango da Itzulia Donostian berriro, eta berehala argituko da nork hartzen duen Demi Volleringen lekukoa, sailkapen nagusiko irabazle gisa, herbeheretarrak 2022an lortutako garaipen handia errepikatu ezean.

Etapa zuzenean ikusi ahalko da ETB1en eta eitb.eus-en, 18:00etatik aurrera.

Ikusi bigarren etaparen profila

PROFILA

Itzulia Women 2023: 3. etaparen profila. Argazkia: Itzulia.

------------------------------------------------------

IBILBIDEA

2023ko Itzulia Women: 3. etaparen ibilbidea. Argazkia: Itzulia

FITXA TEKNIKOA:

Etapa: 3. etapa (maiatzak 14)

Ibilbidea: Donostia-Donostia

Distantzia: 114,8 km

Goranzko desnibel metatua: -

Hasiera-ordua: 16:13

Amaiera-ordua: 19:05 (40 km/h) | 19:14 (38 km/h) | 19:25 (36 km/h)

3. ETAPAKO MENDATEAK

Jaizkibel mendateko profila. Argazkia: Itzulia

------------------------------------------------------

Gurutze mendateko profila. Argazkia: Itzulia

------------------------------------------------------

Mendizorrotz mendateko profila. Argazkia: Itzulia

------------------------------------------------------

3. ETAPAKO AZKEN KILOMETROAK

3. etapako azken kilometroak. Argazkia: Itzulia

ITZULIA WOMEN 2023KO ETAPAK:

1. etapa (maiatzak 12): Etxebarria – Markina-Xemein (122,2 km)

2. etapa (maiatzak 13): Gasteiz-Amurrio (133,2 km)

3. etapa (maiatzak 14): Donostia-Donostia (114,8 km)

Albisteak (4)