Itxi

IBILBIDEAREN AURKEZPENA

Etxebarria-Markina-Xemein, Gasteiz-Amurrio eta Donostia-Donostia, 2023ko Itzulia Women lasterketako etapak

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Emakumezkoen Euskal Herriko Itzulia maiatzaren 12an hasiko da, ostiralean, eta maiatzaren 14an amaitu. Ibilbidean, zazpi mendate puntuagarri izango dira: 1. mailako bat, 2. mailako bi eta 3. mailako lau.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Etxebarria-Markina-Xemein, Gasteiz-Amurrio eta Donostia-Donostia izango dira 2023ko Itzulia Women lasterketako etapak, ostegunean Etxebarrian aurkeztu dutenez. Emakumezkoen Euskal Herriko Itzulia maiatzaren 12an hasiko da, ostiralean, eta maiatzaren 14an amaitu, igandean. Guztira, zazpi mendate puntuagarri jarri dituzte antolatzaileek ibilbidean: 1. mailako bat (Jaizkibel, hirugarren etapan), 2. mailako bi (Urkaregi, lehenengo egunean, eta Mendizorrotz, azkenean) eta 3. mailako lau (Orontzugarai, lehen egunean, La Tejera eta Malkuartu, bigarrenean, eta Gurutze, azken etapan).

Hortaz, Itzulia Women lasterketako bigarren edizioa Etxebarrian hasiko da, maiatzaren 12an, ostiralean, Eika Kooperatibaren aurrean. Lehen egun horretan, txirrindulariek 122,2 kilometroko ibilbidea egin beharko dute Markina-Xemeingo helmugara iritsi aurretik. Etxebarria atzean utzita, tropela Ondarroarantz joango da, eta Lekeitio, Ereño eta Arrazola harrapatuko ditu gero, Orontzugarai igo aurretik. Mendate hori 67. kilometroan aurkituko dute, 3. mailakoa da, 2,6 kilometroko igoera du eta % 6,5eko maldak ditu, batez beste. Markina-Xemeinen, 75,3. kilometroan, Itzuliaren lehen esprint berezia jokatuko dute. Tropela, jarraian, Gipuzkoan sartuko da, eta Mutriku eta Elgoibar harrapatuko ditu. Azken udalerri horretan, 107,9. kilometroan, etapako bigarren esprint berezia jokatuko dute. Urkaregi 2. mailako mendatea igoko dute gero, 114,4 kilometroan, helmugarako zortzi kilometrora: 5,8 kilometroko igoera eta batez beste % 4,6ko maldak. Markina-Xemeinen erabakiko da nor den Itzuliaren lehen irabazlea, eta, gainera, garailea sailkapen nagusiko lehen postuan jarriko da.

1. ETAPAREN PROFILA

Irudia: Itzulia Women.

Bigarren etapa Gasteiztik abiatuko da, maiatzaren 13an, larunbatean, eta Amurrion amaitu, 133,2 kilometro eginda; aurtengo etaparik luzeena da. Gasteiztik, zizklistak Nanclares Okara joango dira, Mimbredora gero, eta La Tejera igoko dute, 28. kilometroan: 3. mailako mendatea da, hiru kilometroko igoera du eta batez beste % 6,5eko maldak ditu. Barrotan eta Subillan izango da Itzulia ondoren, Goiurin gero, eta Urduñatik igaroko da; 87,1. kilometroan, Amurrion, etapako lehen esprint berezia izango da, Malkuartu 3. mailako mendatea igo aurretik: 102,8. kilometroan dago, 3,3 kilometro eta batez beste % 4,7ko maldak ditu. Arespalditzan, 115,9. kilometroan, bigarren esprint berezia egingo dute, eta jarraian Lezama igoko dute txirrindulariek; ez da puntuagarria, baina, Amurrioko helmugatik bost kilometrora dagoenez, erabakigarria izan liteke, garailea nor izan daitekeen argitzeko.

2. ETAPAREN PROFILA

Irudia: Itzulia Women.

Igandean, maiatzaren 14an, behin betiko geratuko da erabakita 2023ko Emakumezkoen Euskal Herriko Itzulia. Donostiatik irtengo da etapa, eta bertan amaituko da, Donostiako Klasikoaren ibilbidea oinarri gisa hartuta. Ziklistek 114,8 kilometroko ibilbidea egin beharko dute, eta hiru mendate puntuagarri igoko dituzte. Gipuzkoako hiriburutik Hernanira joango da lasterketa, eta Oiartzunera eta Errenteriara gero. Jarraian, Jaizkibel igo beharko du tropelak. 1. mailako mendatea 42,6 kilometroan izango dute, 7,9 kilometroko igoera da, eta batez beste % 5,6ko maldak ditu. Irunera helduko da Itzulia ondoren, eta laster Gurutze mendateari helduko diote txirrindulariek: 3. mailakoa da, 2,7 kilometro eta % 5,2ko maldak ditu. Donostian, 75,4. kilometroan, esprint berezia jokatuko dute, eta hortik gutxira, 86,2. kilometroan, Mendizorrotz 2. mailako mendatea izango dute: 4,1 kilometroko aldapa da, eta batez beste % 7,3ko maldak ditu. Hortik helmugara, 30 kilometro egin beharko ditu tropelak. Usurbilen, aurtengo Itzuliaren azken esprint berezia jokatuko dute, 102,9 kilometroan, eta sailkapen nagusiko irabazleak 2023ko Itzuliaren txapela jasoko du, Donostian, lasterketa amaitutakoan.

3. ETAPAREN PROFILA

Irudia: Itzulia Women.

2022an, Demi Vollering herbeheretarrak irabazi zuen Itzulia. Parte hartuz gero, aurten ere faborito nagusietakoa izango da Vollering; izan ere, sasoi betean dago, eta azken egunetan Amstel Gold Race eta Flèche Wallonne klasikoak bereganatu ditu. Antolatzaileek esan dute maila handiko parte-hartzaileak arituko direla aurten bertan: guztira, 22 talde izango dira, eta bakoitzak sei txirrindulari izango ditu. Nolanahi ere, maiatzaren 3an emango dituzte horren inguruko xehetasun guztiak.

Albisteak (3)

Bideoak (1)