2023ko Emakumeen Itzulia
Van Vleuten eta Vollering, gaur hasiko den Emakumeen Itzulia irabazteko faborito nagusiak
EITB MEDIA
20 taldeko 120 txirrindularik maila goreneko proba jokatuko dute hiru etapatan, euskal lurralde bakoitzeko bat; lehena Bizkaian, bigarrena Araban eta hirugarrena Gipuzkoan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Annemiek van Vleutenek, azken urteetako korrikalaririk onena, eta Demi Volleringek, munduko lehena eta denboraldi honetan nagusitzen ari dena, Espainiako Vueltan izan zuten lehiarekin jarraituko dute 2023ko Emakumeen Itzulian, hilaren 12tik 14ra bitartean.
Van Vleuten eta Vollering nazioarteko tropeleko parte-hartzailerik onenen buruan daude. 20 taldeko 120 txirrindularik ikuskizuna bermatuko dute UCI Wold Tour maila goreneko lasterketako hiru etapak korrituta, euskal lurralde bakoitzeko bat, lehena Bizkaian, bigarrena Araban eta hirugarrena Gipuzkoan.
Ibilbideak zazpi mendate ditu: lehen mailako bat, bigarren mailako bi eta hirugarren mailako lau. Garrantzitsuenak Donostian hasi eta amaituko den azken etapan (114,8 km) gainditu beharko dituzte: Jaizkibel (1. mailakoa, 7,9 kilometroko luzera eta % 5,6ko batez besteko pendiza) eta Murgil horma (2. mailakoa, 4,1 kilometro batez beste % 7,1eko pendizarekin, baina % 20rainoko tarteak ditu). Azken horren gaina helmugatik 30 bat kilometrora dago.
Ostiralean, lehen etapan, 122,2 kilometroko ibilbidea egin beharko dute txirrindulariek Etxebarria eta Markina-Xemein artean, eta Urkaregi (2. mailakoa, 5,8 kilometro % 4,6ko batez besteko pendizarekin) gainditu beharko dute, helmugatik 8 kilometrora.
Bigarren etapan, Gasteiz eta Amurrio artekoan, 133,2 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik, eta hasieran eta amaieran aurkituko dituzte aldapak.
Lehen bi etapak goizez jokatuko dira eta hirugarrena arratsaldez.