Itxi

Azken etapa

Reusserrek ezustekoa eman du azken etapan, eta Emakumeen Itzulia irabazi du, Volleringen aurretik

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Suitzarra bakar-bakarrik joan da azken kilometroetan, eta alde handiarekin iritsi da Donostiako helmugara. Vollering taldekidea, orain arteko liderra, bigarren izan da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Marlen Reusserrek ezustekoa eman du 2023ko Emakumeen Itzuliko hirugarren eta azken etapan. Suitzarrak garaipen handia lortu du, Demi Vollering orain arteko liderraren eta gainontzeko faboritoen aurretik.

Azken etapak 114,8 kilometroko ibilbidea izan du, Donostiako Klasikoak izaten duenaren oso antzekoa, eta hiru mendate gainditu behar izan dituzte txirrindulariek; tartean Jaizkibel, lehen mailakoa, eta Mendizorrotz, bigarren mailakoa.

Lasterketa helmugarako 35 kilometrora hasi da itxura hartzen, 19 txirrindulariko talde bat osatu denean lasterketaren buruan, sailkapen nagusiko faborito guztiak bertan zirela. Usoa Ostolaza zarauztarra ere onenen artean sartu da.

Mendizorrotzerako igoeran, aurreko talde hori hausten hasi da. Bertan zihoazen sailkapeneko lehen bost sailkatuak, nor baino nor gehiago: Demi Vollering, Marlen Reusser, Katarzyna Niewiadoma, Olivia Baril eta Annemiek van Vleuten.

Helmugarako 30 kilometrora, Annemiek van Vleutenek erasoa jo du, eta lasterketa eta Itzulia bera hautsi ditu herbeheretarrak. Demi Vollering liderra gurpilean eraman du 40 urteko txirrindulariak. Biak batera pasatu dira Mendizorrotzeko gainetik, eta jaitsieran Van Vleutenek zulo txikia egitea lortu du, jaitsiera horretan Volleringek baino gehiago arriskatuta.

Atzetik, gainerako faboritoak minutu erdira igaro dira.

18 kilometroren faltan, Van Vleuten eta Vollering lasterketa buruan zihoazen, eta atzetik, oso gertu, Reusserek, Niewiadomak eta Barilek osatutako hirukotea.

Azken kilometroak

Bostek bat egin dute helmugarako 14 kilometro falta zirenean. Erasoak bata bestearen atzetik izan dira aurreko taldetxo horretan, baina zuloa egin duen bakarra Marlen Reusser izan da. Volleringen taldekidea maisua da erlojuaren kontrako saioetan, eta horrek mesede egin dio zabaldutako aldea gero eta gehiago handitzen joateko.

Horrela, Volleringek sailkapenean zuen 56 segundoko aldea irauli egin du suitzarrak, eta Donostiako Boulevarrean 2 minutu eta 38 segundoko aldearekin helmugaratu da. Ondorioz, etapa eta sailkapen nagusia bereganatu ditu.

Emakumeen Itzuliko sailkapenak

Albisteak (2)

Bideoak (4)