Itxi

Poloniako Tourra 2025

Pello Bilbao bigarren izan da Poloniako Tourreko hirugarren etapan

EITB Media

Leer en Castellano

Ben Turnerrek bereganatu du garaipena, esprintean Gernika-Lumoko txirrindularia eta Andrea Bagioli menderatuta. Paul Lapeirak lidertzari eutsi dio.

Ben Turner, helmuga gurutzatzen Pello Bilbaoren aurretik, 3. etapan. Argzkia: EFE

Pello Bilbao (Bahrain Victorious) bigarren izan da Poloniako Tourreko hirugarren etapan, Walbrzychen hasi eta amaitutakoan. Ziklistek 159,3 kilometroko ibilbideari egin diote aurre. Ben Turner (INEOS Grenadiers) nagusitu da, eta Paul Lapeirak (Decathlon-AG2R-La Mondiale) jarraitzen du sailkapen nagusiko lehen postuan.

Helmugarako 21 kilometro falta zirenean izan den erorikoak baldintzatu egin du etaparen amaiera. Lasterketa gelditu egin behar izan dute une batez, anbulantziak ezin baitziren heldu erori txirrindulariak zeuden tokiraino. Hori dela eta, antolatzaileek erabaki dute etapa amaierako markak kontuan ez hartzea; beraz, ez da aldaketarik egon sailkapen nagusian. Erori direnen artean egon dira: Lapeira liderra, Rafal Majka (UAE Emirates-XRG), Jack Haig (Bahrain Victorious) eta Mathias Vacek (Lidl-Trek), besteak beste. Azkenean, garailea esprintean erabaki da, eta azken metroetan Turner izan da onena. 

Paul Lapeira sailkapen nagusiko lehen postuan da. Frantziarrak 8 segundoko tartea ateratzen dio Victor Langellottiri (INEOS Grenadiers) eta 12 segundo, Jan Christeni (UAE Emirates-XRG). Pello Bilbao hamabigarren postuan dago, liderra 19 segundora duela.

2. etapako sailkapena:

1 - Turner Ben (INEOS) 4:00:46
2 - Bilbao Pello (Bahrain) d. b.
3 - Bagioli Andrea (Lidl) d. b.
4 - Christen Jan (UAE) d. b.
5 - Livyns Arjen (Lotto) d. b.

Sailkapen nagusia:

1 - Lapeira Paul (Decathlon) 11:57:10
2 - Langellotti Victor (INEOS) +0:08
3 - Christen Jan (UAE) +0:12
4 - Tiberi Antonio (Bahrain) d. b..
5 - Hermans Quinten (Alpecin) +0:14
-----------------------------------------------------------------
12- Bilbao Pello (Bahrain) +0:19

Albisteak (3)